2006/06/28

Bizitza-tankera amerikarra



Estatu Batuar gazteen artean ez da harritzekoa mapa baten aurrean Australia eta Errusiaren kokapenak nahastea. Ez zaie txarrera hartu behar, askotan Estatu Batuen kokapenari buruzko dudak izaten baitituzte eta. Geografiak ezer gutxi axola du bertan. Amerikarrak (eta amerikarra esatean A.E.B.-ko herritarra esan nahi dut) espazio absolutu baten barruan daude eta ez dute bestelako herrialdeen berri izateko beharrik.

Telebista, irrati eta egunkariek horren probak ematen dituzte egunero. Zerbait oso garrantzitsua gertatzen ez bada edota berri horietan amerikar kapitala, herritarrak edo tropak tartekatzen ez badira teleberriak oso etxekotuta daude. Ez dago inon bere gertakarietan hain barneliluratuta bizi den herrialderik.

Estatu Batuetan, edozein tokitan bezala hezkuntza sistema edo judizialari buruz eztabaidatu denean, inoiz ez zaie burutik pasatu ere egin beste herrialde bat jartzea adibide bezala, nahiz eta ezarritako sistema oso arrakastatsua izan. Europak egiten dizkion mirespenekin alderatuz, Estatu Batuentzat, Europa atzean utzi beharreko iragana baino ez da. Kriminalitateari buruz jarduten dutenean esaterako, adituek beste herrialde batzuetako tasa baxuak aipatzen dituzte. Baina soilik estatuaren arazo larria azpimarratzeko, eta inoiz ez beste herrialde batzuetako sistema arrakastatsuak jarraitzeko asmoarekin. Badirudi sistema amerikarrak ez duela ezer ikasteko kanpotik, eta gutxienez bigarren mailako estatuetatik.

Estatu Batuen eragina benetako Eliza baten modukoa da dagoeneko. Europarrak jadanik etorkizuna amerikar hauen islaren arabera eraikitzen ari dira eta ez proiektu bereiz bat bezala. Detaile txikiena ere horren erakusgai da. Adibidez Europar Batasuneko banderaren diseinuan izarrak ageri dira Estatu Batuetako banderan bezala. Esfortzurik gabe eta inolako planteamendu gabe kolonizazio handiena hasi da martxan jartzen. Familiek Kellog’s zerealak hartzen dituzte gosaltzeko eta Oscar Meyers afaltzen dute, bitartean goizetik gauera, medioen talkak, eztabaida etiko eta osasunekoak, finantza aginduak, software programak, idolatria eta merkantzia amerikarrak jasotzen dituzte. Europako hiltzaileek ere Mc Donald’s jatetxeetan gauzatzen dituzte hilketak.

Futbol Mundiala Estatu Batuetan jokatu zen 1994an, futbola ere amerikarren artean hedatzeko. Emaitza, futbola amerikanizatzea izan zen, lehenago pizza, hanburgesa, croissant eta jatetxe txinoekin egin zuten era berean. Izan ere, jolas arauak aldatu zituzten beraien gustura. Zertarako ikasi mundu guztiak errespetatzen dituen arauak? Baliteke denborarekin mundu guztiak jokatzea beraiek bezala. Amerikar burujabetasunaren beste erakusle bat baino ez da.

Ez dute bere mugetatik haratago ezer interesgarrik ikusten. Soilik %2a egon da noizbait Europan eta ez bidaiatzea atsegin ez dutelako. %20a etxez aldatzen baita urtero Estatu Batuetan. Etorkizuneko atzerritarra etxe barruan dutela ikusten dute, kanpoko atzerritara geroz eta gehiago baita amerikar emaitza.

Ia definiezina da amerikar hitza, zenbat belaunaldi dira beharrezkoak atzerritar bat amerikar izateko? Izan ere, bertan denak dira amerikar eta atzerritar era berean. Mundu guztiaren konbinazio antzeko bat izango litzateke, mundu berri baten konbinazio mitikoa eratzeko asmoz. Barruan duen xurgatze ahalmena kanpoan duen erakargarritasun boterearen antzekoa dela esan daiteke.

Amerikarrak edozeren gainetik harro daude bere nazioaz eta oso abertzaleak dira. Haizearen eraginez mugitzen diren banderak nonahi ageri dira. Prakak, kamisetak, mikrouhinak, pastelak eta milaka gauza aurki daitezke estatuaren koloreekin. Amerikarrak era berean dira amerikar eta Amerikako turista.

Vicente Verdu-ren, El Planeta americano
saiakera liburuko lehen pasartetik egindako laburpenaren itzulpena

2006/06/24

Itxuraren eraginez itsututa

2348. urtean kirurgia plastikoak gailurra jo du. Teknologia berriek itxuraz guztiz aldatzeko makinaren jaiotza ahalbidetu dute. Norbere identitate fisikoaren galerak Brad Pitt eta Angelina Jolie-ren milaka fotokopia sortu ditu. Diruduna eta itsusia izatea ezinezkoa da. Urteak aurrera joan ahala kostuak merketu eta itxura eraldatzen duen jendearen kopurua igo egiten da. Hain handia da igoera, non aberats ederrek txiroen itsusitasunaz errukituta ebakuntza egiteko ONG-ak sortzen dituzte. Azkenik, derrigorrezkoa bilakatzen den aldaketa da, “ederrek”, beldurra sentitzen baitute ebakuntza egin nahi ez dutenen aurrean, arazo psikologikoak egozten dizkiete eta. Edertasun prototipo bakarra eta orokorrean giza irudiaren prototipo bakarra sortzen da orduan, eta bereizketa bakarra gizon eta emakumeen artekoa da.

Zentzugabea dirudien gertaera hipotetiko hau giza gainazaletasunaren erakusle da, baina egia bihurtuz gero, ez litzateke izango gainazaletasunarekin bukatzeko lehen urratsa? Izan ere, modan dagoen prototipoaren araberako itxura izanik gizaki guztiena, ez litzateke bereizketarik egingo. Pertsonen definizioa egiterakoan eder eta itsusi hitzen desage
rpena ekarriko luke. Berdintasun fisikoan oinarritutako gizarte horretan benetako maitasunak gailenduko luke. Jada norbaiten itxuraz maitemintzeak zentsurik izango ez lukeelako. Barrutik hasten den eta kanpoan islatzen den maitasuna izango litzateke edertasunaren erakusle bakarra. Maitasun purua eta sakona izan beharrekoa. Itxura aldatzeak ahaztuz, agian hori baino ez da gizakiok benetan behar duguna. Dirudiguna baino gehiago baikara.

Beldurtu egiten nau itxurari ematen zaion garrantziak. Beldurtu egiten nau hamalau urteko nerabea anorexiaz ospitaleratuta dagoela pentsatzeak.

2006/06/20

Un Long Dimanche De Fiancailles

Beldurti bilakatu ziren, gerra hasi baino lehen ez ziren horrelakoak, Manech-ek ekaitz eta itsasoen bortiztasuna desafiatzen zituen. Beraiena ez zen kausa batengatik borrokatzen ari ziren.

Lubakietan telefonoaren haria zen munduarekin zuten lotura bakarra. Manech-ek bazekien ordea, hari horrek bere maitearengana heltzeko laguntza eskaintzen ez bazion axola ez zuela. Izan ere, bere burua urkatzeko emango zion erabilera. Kideek, lana aurreratzen zuten, horrela, hilketak gertatu baino lehen zulatzen zituzten hilobi funtzioa zuten zuloak, axolagabetasunezko palakadekin. Gerraren krudeltasunak adierazkortasun eza baino ez zuen garatzen batzuengan.

Airean eraikitako gazteluek ez zuten inolako baliorik bertan. Horregatik, apropos mutilatzen zuten bere burua, askatasunaren bidea errazten zuen indultua baitzen. Baina hori izaten zen hain zuzen ere hiltzeko arrazoia. Borondatezko mutilazioa heriotza zigorrarekin ordaintzen zen.



Powered by Castpost

2006/06/18

14mirariak

Giza adimenaren indarrak milaka tona harri mugitu zituen Gizeh-ko piramideak eraikitzeko. Ekintza gogoangarria dudarik gabe. Zazpi mirarietako bat bezala hartu da haintzakotzat beti eta horrela izaten jarraituko du.

Orain ordea, badirudi ez direla zazpi izango mirariak, hamalau baizik. Beste era batera esateko, zazpi mirari berri definituko dira. Bernard Weber suitzarraren ekimen honetan, New seven wonders deiturikoa, mundu guztiko herritarren artean egindako bozketa baten bidez hautatuko dira mirariak. Jartzen den baldintza bakarra eraikinak 2000. urtea baino lehen eraikitakoak izatea da. Ariketa errazteko asmoz, hogeitabat bakarrik dira hautagaiak eta 2007ko uztailaren 7rarte egongo da irekita bozkatzeko epea.

Asko dira mirarie buruz egindako sailkapenak baina erlatiboegiak direla esango nuke. Hemen, bestelako bat agertzen da. Bereziki kandidaturen bat hautatuko zenuke?

2006/06/05

Liburuaren egunerokoa

Gerta daiteke liburu bat idatzita ez dagoen istorioa baten parte izatea, alegia, liburua izatea istorioaren protagonista bat. Antzeko zerbait gertatu zaio nire eskuetara heldu den liburu bati.

Errazena lagun batek oparitu didala esatea izango litzateke eta denok pozik. Baina egia ez denean ezin gezurrik esan. Ezin gertatutakoa ezkutatu eta ezin istorioa eraldatu.

Pasa den astean gertatu zen, lagun bat etorri zitzaidan guztiz asaldaturik. Bere etxeko atarian nolabait esateko erosketetako karro bat zegoela esanez eta orduak zeramatzala bertan ahaztuta. Nola ez, jakin-minak bultzaturik ireki egin zuela kontatu zidan, eta hara! Liburu, Cd eta Dvd-ak zeuden barruan. Barruko deabrua ezin isilaraziz liburu bat hartu zuen. “Circulo de lectores”. Bera ez da irakurlea, baina bere peripezia kontatzen ari zela nik nahiko irakurtzen dudala ohartu zen. Horrela, berriz ere etxeko atarira joan zen liburu gehiagoren bila. Zer esango nion nik, ba? Gaizki egiten ari zela? Beharbada, baina ez naiz inoren kontzientzia. Hiru liburu gehiago ekarri zituen, berak irakurriko ez zituenak. Oparitu zizkidanak.

Era honetan aldatu zen liburu horien patua, hori da “Circulo de lectores”-eko kontsumitzaileen haserrearen arrazoia, eta inoiz ez dute jakingo nik ditudala beraiek ordainduriko liburuak eta nire lagunak aldatu duela liburu horien etorkizuna.

Beranduago, jakin dut laguna etxera itzuli zenean amarekin hizketan ari eta honek ere zerbait lapurtu zuela bertatik. Azkenean karroa hustu eta etxe aurreko kontenedorera bota zuten. Beraz ez dago inongo probarik. Nire testigantza baino ez. (Hala bazan hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Gernikako plazan.)

Eta nola sinistu niri? Agian nire subkontzienteak asmatutakoa baita kontatutakoa, errealitateak forma narrazioa hartzen baitu eta askotan transformazio ugari jasan ere. Gutxienez hori da liburu horietako baten lehen orrialdeko aipuak dioena eta egia dela uste dut:
  • Lo que todos nosotros (o lo que al menos yo) atribuimos confiadamente a la memoria – entendiendo por ellos una escena, un echo tratado con fijador y por tanto rescatado del olvido – es en realidad una forma de narración que se desarrolla sin cesar en la mente y que a menudo se transforma al ser contada. Son demasiados los intereses emocionales que entran en conflicto para que la vida llegue a ser nunca plenamente aceptable, y tal vez sea labor del narrador elaborar las cosas de tal modo que se ajusten a este fin. En todo caso, cuando habamos del pasado mentimos cada vez que respiramos.

William Maxwell, Adios, hasta mañana