2006/09/29

Saturday night

Askotan argazkiak oroitzapenak bere horretan mantentzeko ateratzen dira. Erabaki, enfokatu eta click, edozein irudi kameraren preso izango da. Gero, urteak pasatakoan eta argazkia berrikusterakoan imajina harrapatu zen unea oroituko da. Xehetasunez gogoratuko dira garai urrunok, momentu hartan sentitutakoak eta bizitakoak. Azken finean, argazkiak gizaki oroimenaren laguntzaile fin eta leialak baino ez dira.
Interneta, berriz, argazkiak ez bezala oroitzapen inpertsonalagoak gordetzeko tresna da. Fitxategi amaigabea, informazio mugagabedun burmuin elektronikoa. Edozer arakatzeko balio duen tramankulua. Baina era berean ere garai urrunok xehetasunez gogoratzeko aparailua.
Ustekabez aurkitu nuen, txikitan ikasitako lehen koreografiaren abesti famatua. Oroitzapen asko ekarri dizkit baina viedoclip kutrea ikustean hain zaharra ote naizen galdetzen diot neure buruari. Saturday night modan zegoenean zentsudun izateko edo oroimena izateko adina al neukan?




Arinegi aldatzen dira modak, baina abesti hau garai batean boom-a izan zela ezin daiteke ukatu. Dena den, hau ez da videoclip-aren bertsio erreala. Antza denez, garai hartan ere bazeuden friki bideoafizionatuak.

2006/09/25

Hasiera guztiak: nekez

Goiz jaiki beharrak gutxitan dakar zer edo zer onik. Gaurkoan, urte guztietako gaitza pairatuko dugula iragarri digu iratzargailuak: opor osteko depresioa. Berriz ere errutinan sartu beharra. Izan ere, errutina ez da orain arte gozatu ditugun egun eguzkitsu eta patxadatsu horien lagun. Hori baino gehiago da.
Errutinak, egunerokotasunean murgilduko garela esan nahi du. Lanegunak bata bestearen atzetik etengabe etorriko direla, atsedenik gabe. Ihesbiderik gabeko egutegi ia mugagabe baten preso izango garela. Errutinak ikasle bihurtzen nau. Eta bihurketa horrek beldurtu egiten gaitu. Gu geu izateari uzten baitiogu zeregin baten menpe geratzeko. Izena lanbideagatik ordezkatzen da.
Baina kontu honetan desatseginena telebista iragarkiek itzulera traumatikoa tratatzeko duten era da. Iraileko aldapa eta bestelako terminoak erabiliz uda bukaera apokalipsiarekin konparatzen dute. Beste muturrean ordea, txikitan gorroto nuen El Corte Ingles-eko iragarki nazkagarria gogoratzen dut: “Volver a empezar… otra vez…”. Bi kasuetan gehiegikeriak garaitzen gaitu.

2006/09/21

Summer 2006: Sandown!













Duela hiru hilabete agur esan zigun Britania Handiko Wight irlara habiatzeko. Bertan eman du uda guztia, eta bere begietan ez da damu izpirik ageri. Beldurrez eta ausardiaz aldendu zen, ingelesa ikasi beharrak bultzatuta. Baina esperientziak hizkuntzaren ezagutza baino askoz gehiago eman dio; independentziatik ikasitako heldutasuna eta inoiz ahaztuko ez dituen lagunak.
Lehen astean integratzeko arazoak izan zituen, atzerrian lan egitea ez da zeregin makala. Gauez, hondartzara joaten zen negar egitera eta Euskal Herrira bueltatzea ere pasa zitzaion burutik. Baina ez zuen amore eman eta handik gutxira lagunak egiten hasi zen, hoteleko logelatik alde egin zuen beste batzuekin partekatutako flat bat aukeratuz. Hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Barbecue, buggy night eta Ramon’s party ditu gogoan orain. Baita ezagututako lagun zoroek eskainitako egun zoroak. Eta nola ez, Baptiste.
Hitz eman diogu guk ere noizbait holako zerbait egingo dugula, jaioterritik urrun, inor ezagutzen ez dugun toki batean. Bitartean souvenir-ak eta postalak biltzen jarraitzen dugu. Horietako bakoitzak bere istorioak ditu atzean, eta era batera edo bestera gu ere protagonista gara, istorioaren hartzaile izan garen heinean. Horrela gogoratzen dut Dubrovnik-eko kaleetan zehar galdu zen lagunaren estualdia, Gioconda koadroari argazkia ateratzen ausartu zen lagunaren lotsagabekeria, ingelesen zikinkeria mugagabeaz hitz egiten duen lagunaren nazka…

2006/09/15

Bitxikeriak

Emakumezkoaren ahotsak nekea eragin ei du gizonezkoaren burmuinean. Hala dio Michael Hunterrek, Sheffield (Britania Handia) unibertsitateko irakasleak. Emakumeen ahots tonuak soinu konplexuagoak ditu, hori dela eta, gizonen burmuineko entzumen eremu guztia hartzen du, gizonen ahotsak soilik eremu subtalamikoa betetzen duen arren emakumeen burmuinean.

Argibide hau eman da maiztasunez errepikatzen diren emakumeen kexuak justifikatzeko asmoz. Izan ere, aurkako sexuaren kontrako kexu nagusietako bat hitz egitean gizonek arreta galdu eta deskonektatu egiten dutela izan da beti. Beraz, arazo fisiologiko bati lotuta dagoela diote. Hori ere barkatu egin behar… baina egia da gure monotemekin elkarri asperrarazten diogula.

2006/09/11

Estokolmoren sindromea?



Natascha Kampusch; jadanik inori arrotz egiten ez zaion izena. Polemika izugarria baita bere inguruan sortu dena. Duela 8 urte bahitu zuten eta denbora guzti horretan zulo baten egon da. Isolatuta, mundutik at. Lotura bakarra komunikabideak izan dituelarik.
Ihesari eman ondoren, sinesgaitza dirudien heldutasun batez egin dio aurre explotazio mediatikoari. Urrezko mina bat bezala ustiatu nahi izan dutenen aurka borrokatuz, norbere interesak babestea lortu du. Berak zehaztu du non, noiz, nola eta zeri buruz hitz egingo duen. Miresgarria den jokamoldea du eta horren bidez azaleratu ditu bahiketak iraun dituen urte guztiak.
Hala ere, badago dena muntaia faltsu bat baino ez dena uste duen eszeptikorik. Psikologo eta adituen aburuz ezinezkoa da Natascha-k duen adoreaz aritzea ustez jasandako guztiaren ondoren. Eztabaidatuak diren arlo guztietan bezala era askotako iritziak daude, egia beti bakarra. Eta egi hori komunikabideetan egiten den irakurketaren eraginez sortzen da. Beste behin ere, informazioa boterea da. Natascha Kampusch-ek bazekien, bakartzeak eskaini dizkion hausnarketa guztien ondorioz ulertu du. Horren arabera, bikaina izan da bere jokabidea. Bizitza guztirako soldata irabazi du elkarrizketa bakar batekin.

2006/09/07

Lekeitioko antzarrak

Euskal Herriko toki guztietan mantentzen dira ohitura zaharrak, horietako askok bere horretan jarraitzen dute, sortu ziren une bereko ezaugarri berberei eusten, inolako aldaketa gabe. Izan ere, oso zaila da ohitura bat aldatzea, belaunaldiz belaunaldi pasatu dira eta gauzak egiteko usadiozko era arruntak dira.

Herri bakoitzak bere tradizioak izan ditu jaiegunak ospatzeko orduan. Horietako bat XVII. mendetik ezagutzen diren Lekeitioko antzarrak dira. Bizirik dauden antzarrak lepotik helduz ahalik eta sail gehienak egitea da helburua. Animalien babes aldeko mugimenduak hazi egin direlarik eta jendeak gero eta kontzientziazio gehiagoz jarduten duela ikusirik jai polemikoak bilakatu dira.

Basakeriatzat hartzen den tradizioa dela ikusirik neurriak hartu nahi izan dira. Horregatik, tradizioa bertan bera utzi gabe bestelako aukerak izan dira gogoan. Aurten, plastikozko antzarrak jarri nahi izan dira (arrazoia hegaztien gripea izan daiteke eta ez animalien sufrimendua ekiditea), baina azkenik jaia hasi baino bi ordu lehenago antzarrak hil dituzte eta hilik zeudela hasiera eman zaio jaiari. Etika puntu bat arte kontutan izanik jardun dute, baina nahikoa al da? Tradizio bat mantendu nahi izatea behar besteko aitzakia al da hilketa ankerrak gauzatzeko? Zezenketa gaitzesten dugun era berean gaitzetsi beharko genituzke antzarrak?

Ohitura honek oinarri emozionala du herrikoentzako, sentimenak arrazoiz haraindi doazela askotan konprobatu ahal izan dugu. Dena den, denborak aldatuz doaz, zientziak giza adimena garatu du eta garapen horri fidela izanez krudeltasunik gabeko bizimoduan sinesten dugula defendatu beharko genuke. Eta defentsa horri eusteko tradizioa hein batean aldatzea beharrezkoa bada, aldatu egiten da. Bestela, oraindik ere eskuekin jango genuke, gure antzinako arbasoen tradizioak jarraitu nahian.

Lekeitio eta ingurukoen zenbait iritzi honako foroan aurki daitezke.

2006/09/03

Garun kortozirkuitoak

Lo gaudela ere garunak ez du atsedenerako astirik. Kontzienteak lo egiten du, baina subkontzienteak lanean jarrai, amets fabrika nekaezin baten legez. Horregatik, noizean behin burmuina greban jarri eta segundo batzuetan bi munduak nahasten ditu eta halako ezegonkortasun deserosoa sortzen pertsonarengan, ez baitu erreala eta irrealaren arteko ezberdintasunik nabaritzen. Hori gertatzean zorabiatu egiten naiz. Ametsean bizi izandakoa benetan gertatu dela sentitzen baitut eta ezin dut ulertu. Medikuak dio tentsio baxua dudalako gertatzen zaidala, baina kostatu egiten zait horren sinplea denik sinestea.