2006/10/24

Publizitatearen aro berria

Publizitateak erabiltzen dituen erakartze estrategiak asko aldatu dira urte gutxitan. Efektu bereziak, musika deigarria eta irudi ikusgarriak, film laburrak diruditen iragarkiak nabarmentzen dira. Produktua saltzea bigarren mailako helburua dela dirudi, garrantzitsuena arreta deitzea da. Saldu nahi dena beste plano baten uzten da eta horrekin zerikusik ez duena esplotatzen da iragarki amaieran lotura zuzen eta logiko bat bilatuz. Eta aitzakia hori zenbat eta originalago izan produktuaren arrakastaren bermea ziurtatuagoa izango da.
Publizitate mota berri honen erakusle
Orange konpainiak egindako iragarkietako bat dela iruditzen zait. Atzean geratu dira Amena-ren kolore berdedun iragarki nekagarriak. Dena den, foro honetan bestelako iritziak aurki daitezke Orange-k eramandako kanpaina publizitarioari buruz. Jarraian, frantziar telebistan ikus daitekeen aipatutako iragarkiaren bertsio luzatua:



Publizitatearen aro berri honetan
Ikea dugu beste adibide bat. Probokazioa eta humorea nahastuz, beharrizan baten errealitatea ikuspuntu komikoenetik aztertzen dute. Merezi duten Ikearen beste iragarki batzuk ikusteko sakatu hemen.

2006/10/17

(Normalmente) No vendo tabaco

Orokorrean ostalaritzan diharduen langileria aldatu dela esango nuke, eta aldaketa hori herririk txikienera ere heldu dela. Familiarteko negozio gutxi gelditzen da jada. Orain, tabernek ugazaba bakarra izaten dute eta honek zerbitzariak kontratatzen ditu.

Amonaren etxera joan nintzen lehengoan, herri txiki bateko aparteko auzoan bizi da, bi taberna baino ez dituen auzunean alegia. Bazkalostean, zigarroaren deia sentitu eta taberna horietako batera hurbildu nintzen. Lehengo ugazaba ezagutzen nuen, betidanik herrikoa izandakoa, euskalduna eta atsegina. Erretiroa hartutakoan taberna saltzea erabaki zuen. Beraz, banekien ezezagun bat aurkituko nuela barra atzean.

Hamar minutu inguru neramatzan itxaroten, bitartean barmana bueltaka zebilen alde batetik bestera. Ezer konkreturik egin gabe. Azkenean nire presentziaz jabetu zen eta disimula ezina egiten zitzaidan gogaitu aurpegiarekin begiratu nionean esan zidan:

- Enseguida te atiendo.
- …

Enseguida hori beste bost minutu luze bihurtu zirela isil nezake bukaezinak izan zirela irudituko ez balitzait. Patxada guztiarekin gainontzeko bezero igandezale guztiak artatu zituen eta azkenerako utzi ninduen. Pazientzia gutxi dudala dirudien arren erretzeko gogoek ihesari ekin eta nik neuk ere ihesari ekin nahi niolarik eustea lortu nuen. Egia esan ez nuen erretzeko beharrizanik.

- Dime.
- Chester pakete bat. - aingeru ahotsarekin, atzerapena ahazteko prest.
- No vendo tabaco. - $%&”@$%&/"@!?!ª*, orduan bai, aurpegiko muskuluak deskantsatzen jarri nituen eta ez nuen nire disgustua mozorrotu.
- …
- Tu no eres de aquí, verdad? De donde eres?- “Eta zuri zer?” erantzuteko gogoak irentsi nituen.
-
De Gernika.
- Y que te trae por aquí? – “La profesionalidad inmediata y los servicios del bar seguro que no” chip erdalduna buru barruraino sartuta.
- He venido de bisita.- bestelako azalpenik eman gabe.
- Bueno, normalmente no vendo tabaco, pero voy a hacer una excepción. – eta jarraian buelta eman eta tiraderetan arakatzen hasi zen, gogorregi epaitu nuela pentsatzen nuen bitartean. – Toma.- tabako paketea luzatu zidan eta nik bost euroko billetea eman nion. Diru soberakinak plater batean utzi zituen, luxuzko jatetxe bat balitz bezala eta irribarre zabal batekin begiratu ninduen. Uste dut esker onen zain geratu zela.

Horrela, frantziar estatuan egongo bagina bezala, tipo espainiarrak hiru euroren truke saldu zidan kontrabandoko tabako amerikarra. Eta hori dena euskal paraje idiliko baten barruan.

2006/10/13

DoVeR hil da

Modak jarraitzea ia beharrezkoa ez den beldur naiz. Gutxienez Dover taldearen abesti berria entzuteak hori pentsarazi dit. Doinu komertzialenen hautaketa baten emaitza dirudi. Merkatu azterketa sakon baten ondorioa. Entzuten dena ezagutzen dute eta joera berriak bereganatu dituzte. Pop-aren esponja xurgatzaile moduan. Zaharberritu edo hil.

Horrela, bere ibilbide musikalarekin itzulera gabeko haustura gauzatu du taldeak. Jatorrizko oinarri rock-ari () uko eginez ahaztu egin dute bereizgarritzat zutena diruaren truke antzezlan bat egiteko. Eszenatoki gainean eginiko antzezlan faltsua.

Gaztetasuna ordezkatzen duten zenbait baloreek ere prezioa omen dute gaur egun. Salgai dago norberaren funtsa. Eta Doverrek arima saldu dio diskoetxe konpainia bati Let me out abestiarekin. Bilakaerek leku izan arren ez dago artearenganako miresmenagatik lan egiten duen musikari kamaleonikorik. Hortaz, haien musikak zentsurik ez du niretzat. Maite zutena alboratu dutelako
Madonnaren imitatzaile bihurtzeko.

Heldutasunaren sintoma izan liteke. Askotan helduek horrelako gauzak egiten baitituzte, gaztetan borrokatu eta babestutakoa baztertu eta etorkizun oparo baten alde egin. Dirua falta ez den etorkizunaz ari naiz. Erantzukizunez gainezka dagoen bizimoduan gazte baloreak soberan ei daude eta. Horrek aldaketa baldintzatzen du. Helburu bakarrez bizi den sistemaren txotxongilo artikulatu bat izan arte.

Orduan, zaharberritu edo jotake eutsi, hor dago koxka.

2006/10/07

Neure ama hizkuntza

Proiektu barriak hasteko garai aproposa dala emoten dau. Kontaktu baten bidez Gernikako Bagabiz hilabetekariaren erredakzioan sartzea lortu dot. Herriko gaiak hurbiltasunez jarduten dira bertan eta neuri alkarrizketak egiten dituen arduradunetariko bat izatea egokitu jat. Gailurrera heltzeko behetik hasi behar dala eta pozik hartu dot neure eginkizuna.

Halan da be, honegaz batera konturatu naz gabezi nabarmen batzuk izan dodazala neure ikasketetan. Nigaz batera ibili dirazenak be konturatuko ziren, baina eskolan eta institutoan pasatu doguzan urte guztisetan zier, inork ez deusku bizkaieraz idazten erakutsi. Eta penagarrise dala pentsetan dot.

Beti emon izan jako garrantzi larrei euskera batuari eta ez dot esan nahi merezi ez dabenik. Baina Gernika moduko herri batek be badauko mantendu beharreko azpieuskalkise eta ez bakarrik ahozko tradizinoan, baizik eta idatzizen be bai. Horregaittik, neure gaurko salaketa, hizkuntzaren batasuna defendatzen daben bitartean tokian tokiko euskera baztertzen saiatzen dirazan horreri eskainita dau.

Lotsatuta sentitu naz bizkaieraz idatzi ezinik ikusi dodanean neure burue eta bidezkoa ez dala uste dot. Aleginek egiten jarraitzuko dot, eta ia egunen baten bidan moduko hizkuntza bat urtetan jaten bizkaieraz idazten saiatzen nazenean. Bitartien, euskera estandarrera bueltatuko naz, baina neure euskera bizise (berbetan dakiten bakarra) ahaztuten ez dodala.

2006/10/04

Blog jaioberria

Blog berri bat sortzea suertatu zaigu aurtengo ikasturtean. Taldeka egiteko aukera galdu gabe, Matxalen, Ugutz eta nik zineari buruzko orrialde bat sortu dugu. Bertan, zineari buruzko azken berriak jakinaraziko ditugu, estreinaldiak eta kritikak. Gaurtik aurrera bietan ariko naiz, hori bai, besteari garrantzia gehiago emango diot klaseko proiektu bat den heinean eta gutxienez astean hiru aldiz zaharberritzeko konpromisoa hartu dugulako.

Bide batez, Ugutz agurtzeko erabiliko dot post-a, ZORIZONAK UGUTZ! ta urte askotarako! Ia zelako pasadizoak dakarzuzen London city-tik..