2006/05/30

Hola

Nabarmena da Hola aldizkari arrosak argitaratzen dituen erreportaje nagusiak. Esklusiba millonarioak izan ohi dira gehienetan eta hauetan, pertsonaia famatuek bere bizitzaren zati bat erakusgai jartzen digute, guretzat eskuragarri ez dena erakusgai jartzen dute. Klase ertain edo xumeko gizakiek gogoko du famatuak nola bizi diren ikustea, nola gastatzen duten bere dirua, zer nolako luxuez goza dezaketen. Inoiz izango ez dutenaz besteak zein pozik bizi diren ikustea gogoko dute. Famatuen intimitatea ezagutzeak morboa ematen duela dirudi, haien etxeak nolakoak diren jakiteak bertan gonbidatu bezala egongo bazina bezalakoa da. Diruak zoriontasuna erosten duela uste dute askok, mundu kapitalista honen adibide bat baino ez dugu hau. Hola aldizkariak adibide hau eta bizi dugun gizarte ordena eta moduaz beste asko eman ditzake. Horregatik uste dut historia liburu bezala erabili ahal izango dela urte batzuk barru, garai honetako pentsamendu edo bizi joera nagusien azterketa egiteko aldizkari egokiena baita.
Giza dominazioa lortzen da Hola bezalako hedabideen kontsumoaren ondoren. Bertan agertzen diren pertsonaiak legitimatuta daude. Famatuak, onak, ederrak eta aberatsak dira. Soilik adjektibo positiboez deskriba daitekeen gizarte mota baten isla dira. Ohitura dela eta, gauza arbitrarioak normaltzat jotzen ditugu eta ez gara ohartzen horrela dena beste era batera ere izan daitekeela ikuspuntuaren arabera. Dena da oso erlatiboa. Adibidez erregetza legitimatuta dago, horregatik asko eta askok ez dute gaizki ikusten, kolektiboki onartutako instituzioa da, eta Hola bezalako aldizkariek asko laguntzen dute onarpen sozial horretan. Edozeinen balore positiboak ikustarazteko gai dira bertako kazetariak.

2006/05/14

All over the world


Une batez, pentsa ezazu edo irudika ezazu zure burua goiz arrunt baten, ohetik jaiki eta goragalea sentitzen duzun goiz arrunt baten. Zorabioak begiak estaltzen dizkizu eta lurrera erortzen zara oreka mantendu ezinik. Egun berean bigarren aldiz esnatzen zara, baina toki ezezagun baten, mediku usaina sumatzen duzu… ospitalean zaude! Erizainak zure ingurutik dabiltza, gora eta behera, etengabe mugimenduan. Milaka proba egin dizkizutela dakizu eta gogorrena oraindik heltzear dagoela ulertzen duzu. Sendagilea hurbildu eta zure ondoan esertzen da, ez dizu aurpegira begiratzen, ez da gai. Minbizia duzula esaten dizu, gazteegia zarela eta zure zelulek gainditu ezinezko gaitza dela. “Zenbat?” galdetzen diozu, “Bi hilabete” erantzungo dizu zure sendotasunaz hunkiturik.
Ezegonak pentsatzeko tarte txiki bat uzten dizu eta egin nahi zenituzkeen gauza guztien artean ez zaizu beste ezer bururatzen: MUNDUA EZAGATU NAHI DUT.
Ez dakit zilegi ote litzatekeen maiz errepikatu den gertakaria dela esatea, baina egia da ametsen munduan buruak testuinguru ezegonkorra duela. Hainbatetan irudiz soilik ikusitako paradisuek topa egiten dute inkontzientean eta ametsen bidez azaleratzen dira. Horrela bizi dugu egunerokotasuna, gauez agian inoiz ezagutuko ez ditugun tokiak miresten eta egunez errutinan murgildurik itxaropen izpiak gorde nahian eta ezin. Gizakiak beharrezkoa du bidaiatzea, alde batetik bestera mugitzea, antzinako arbasoen antzera nomadak gara ezinbestean. Eta behar hori asetzean sortzen den lasaitasun espirituala maite dugu. Dena ezagutuz gero, txoko ezkutuenak gorde ditzakeen sekretu handienak dakizkigula aitor dezakegunean soilik biziko gara lasai. Bitartean, dena arrotz eta ilun izango da guretzat. Horregatik izan ohi da gure azken eskarietako bat, urruneko irudiek piztutako jakinminaren erakusle da mundua ezagutzeko nahia.

2006/05/03

Barkamenak leku badu, ahanzturak ez


Aste bete igaro da Gernikako bonbardaketaren 69. urteurren egunetik. 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Armadako hegazkinek Gernika suntsitu zuten, odol hotzez, 1.645 laguni bizitza ukatuz. Urte asko igaro dira ordutik, baina joandakoak beti izango dira gogoan, herriaren historiaren parte dira ezinbestean.
Aurtengoan omenaldi berezia egin dute, orain arte lehenago egin ez dutena, munduan zehar gertatutako hedatzeaz arduratu zen kazetariari hain zuzen ere. George L. Steer. Asko da zor dioguna eta ezer gutxi hari buruz jakin duguna orain arte.
Bilbo ingurutik lanean zebilela bonbardaketaren berri izan eta Gernikara abiatu zen beste kazetari batzuekin batera. Hurrengo egunean hura izan zen Gernikara itzuli zen kazetari bakarra. Apirilaren 28an eman zuen jazotakoaren berri Times egunkarian. Ordura arte, Franko dikatorearen bertsio ofiziala soilik ezagutzen zen: Gernika “gorri separatistek” suntsitu zutela zioen. Beranduago Gernikako arbola izeneko liburua ere argitaratu zuen. Birmaniako borroken berri ematen ari zela hil zen, auto istripuan, 35 urte besterik ez zituela. Gazteegi.
Gezurraren aurrean gogor borrokatu izana zor diogu, kontran zituenen aurrean ez kikiltzea zor diogu. Egiak irabaz dezakeela erakutsi digulako, usteldutako berriei kiratsa darielako. Giza ankerkeriaren berri ematea beste edozeren gainetik ipini zuelako. Horregatik guztiagatik bere adore eta ausardia txalotuak izan ziren iragan astean.
Haren semeak honela esan zuen omenaldian: “Aitak gudarien eta euskal herritarren sakrifizio, gizatasun, adore eta diziplinaren berri eman zuen, euren herria iraunarazteko egin zuten ahaleginaren berri.” Miresmena elkarrekikoa dela dirudi. Orain denok dakigu nor izan zen gizon hura, ez da ustekabean elkarrizketa batean entzundako edonolako izen ingeles horietako bat izango berriz ere. Barrenkale Barrena kalean plaka-eskultura bat jarri diote, oroigarri arrunt bat berez ahaztezina den gizonarentzat. Bere aurpegiaren imajina bat baino ez da, baina jada bere arimaren zati bat hemen zuela esatera arriskatuko nintzateke.
George L. Steer ere Gernikaren oroimenean egongo da betiko, 1937ko apirilaren 27a bizi ez zuten 1.645 zendutakoak bezala, eskerrik asko.