2006/07/28

Diogenes X 2 - pisu1

-Higuina ematen didate ikusten ditudan guztietan. Noiz hil behar dira bi agure hauek? Jainkoak eraman ditzala behingoz eta xaboiaz garbi ditzala haien bekatu guztiak!- "Zure ahoa garbitu beharko luke lehenik eta behin" pentsatzen dut bitartean...

Auzokidea berriz ere kexu da. Oraingoan salaketa ere jarri du. Bigarren solairuan bizi diren bi anai zaharrek ez diote lorik egiten uz
ten antza denez. Harrigarria benetan, bera bosgarren pisuan bizi delako eta ni hirugarrenean, eta inoiz txintik ere entzun ez dudalako. Baina hori kexuetariko bat baino ez da, asko du aurpegiratzeko eta.
Zahartzaroa derrigorrez zaila izan behar dela uste izan dut beti eta are gehiago bakarrik zahartu beharra. Hori gertatu zaie agure biei. Bizikleta zaharrak hartuta egun guztia ematen dute etxetik kanpo, bitartean tarte bat egin eta herriko zakarrontzietatik zehar egiten dute osteratxoa zer edo zer topatu nahian. Badakit ez dela bizimodu arrunta, zahartzaroak ez duela honelako jokamolderik inplikatzen, baina osasuntsu eta pozik bizi direla dirudi eta ez al da hori garrantzitsuena?
Etxebizitza, lokal eta diru asko dutela esaten dute mihi gaiztoek. Lokal horietako bat ezagutzen dut nik, behintzat non dagoen badakit. Gaztea nintzenean lagunekin hurbiltzen ginen bertara eta leihoetan ibiltzen ginen ikusmiran. Barre egiten genuen, emakume biluzien horma-irudiez beterik baitzegoen lokala. Gaur egun telebista digitala lortu dute agure gordinek, antena balkoian zintzilik dutelako dakit. Aurrerapen puntu minimo bat haien bizitza miserablerako.

Diogenes de Sinope filosofoak eramandako bizitza doiaren eraginez bataiatu zuten hauen gaitza 1975.urtean. Aipatutako filosofoa Platonen garaikidea izan zen eta honela mintzo zen Diogenesetaz << Zoraturiko Sokrates bat>>. Soilik ezinbesteko ondasunak onartzen zituen eta beste guztiaz desegin egiten zen. Dirua ukatuz bizimodu guztiz umila eraman zuen, borondatezko ukoa eginez edonolako erosotasunari.
Gaur egun
diogenesen sindromea pairatzen duten kaltetuak bakarrik bizi diren adineko jendea izan ohi da. Sozialki isolatzea, etxean giltzaperatzea eta garbitasun eza dira sintoma nagusiak. Gaitz hau jasaten dutenek zabor kopuru ikaragarriak pilatzen dituzte etxean eta askotan haiek jakin gabe diru metaketa izugarriak ere.

Eta nire logelako garbiketa lanetan ari naizela nik ere Diogenesen gaitza pairatzen dudan galdetzen diot nire buruari. Izan ere niri idoloen txikle murtxikatuak ere maitasunez gordetzeko gai izango nintzateke. Nondik datorkigu objektuekiko atxikipen hori? Oharkabeko fetitxismoan oinarrituta bizi ahal gara?

2006/07/16

Sexua ala ez?

Duela gutxiko zenbait ikerketek frogatu duten arabera, haurrei ezinezko zaie botila barruan ageri den bikotea identifikatzea, ez baitute adimena eskenatoki horretara ohituta. Alderantziz, haurrek bederatzi izurde ikusten dituzte argitasun osoz. Helduen adimenaren inozentzia kutsatuta dago eta kasu horretan jarduera zailena izurdeak ikustearena bilakatzen da.

2006/07/12

Bada esnatzeko garaia!

Lehen ez bezala, aspertu egiten naiz lehengusu txikiekin. Haurtzaroko jolasek gure memorian gordetzen zuten txokoa ahaztean heldutasuna ezagutu dugula esan daiteke. Melankoliaz eta tristeziaz gogoratuko ditugula lagunartean geundela parkean igarotako ordu amaigabe haiek. Ezjakintasunetik esnatzearen ondorio latzak.
Nork botatzen ditu faltan pilota soil batek zoriontsu egiten gintuen garai urrunok? Ez du inork eskua altxatu, d
enok isilik eta pentsakor geratu dira, ordea. Gure ezagupena eta munduarekiko perspektiba mugatuak zeuden garaiak…
Zeinen alaiak haiek!
Soineko arrosa txokolatez zikinduta eramatea modan zegoenean eta irribarreak lapurtzea edonoren esku uzten genuenean. Txanpon bat galtzeak unibertsoaren bukaera suposatzen zuen, era berean topatzeak Amerikaren aurkikuntzarekin konpara zitekeen.
Atzera begiratuz eta oroitzapen izpi txikiak batzean, metro erdi neurtzen genueneko film gogokoak gogoratzen dira. Hamar urte beranduago, zergatik irudi berberek ez dute esanahi berdina guretzat? Zerk aldarazi du itsaslamia? Eta Lehoi erregea? Gu aldatu ote gara? Izan liteke… ez?
Egun batean bizitzak aske uzten gaitu begiak txaplastako batez irekiz. Aurrean daukaguna ezagutu, aztertu eta baloratuko dugu ordutik aurrera, bizitzak eskaini dezakeen guztia, alegia. Erabat nahasturik, beharbada, garai urrun haietara itzuliko gara begiak kolpera itxiz, ikusi duguna ulertu ezinik. Egiten ausartzen ez garena besteen esku utziko dugu, koldartasunak, haurren inozentziaren erakusgarri gisa, itotzen gaituen bitartean. Ez gara berriz esnatuko, amaren magalean bezala gozo-gozo eta babesturik sentituko garelako iraganean ainguratuta.
Munduari, faltsukeriari eta hipokresiari lepoa emanda egongo gara. Burua jaitsiko dugu eta gure erantzukizunari uko egingo diogu. Lotsaturik, begirada konprometigarriak ekidingo ditugu eta gure existentziaren lekukorik ez egotea amestuko dugu, hautsezko fits ikustezin baten legez.

2006/07/04

Txikikeriak, beste barik

Milaka txikikeri gertatzen dira segundo oro, edonon. Eta txikikeria horiek izaten dira gertakizun potoloen eragile. Txikikerien bateratzea sortzean txikikeria izateari uzten diete, beste zerbait bilakatzeko. Txikikeria ez dena, garrantzitsuago, handiago, gogorrago. Txikikeria han, txikikeria hemen. Txikikeria edonon. Eta esaldi hutsal hauen zentzua harrapatzea txikikeria baino ez litzateke batzuentzat, beste batzuentzat txikikerien batasuna izango litzatekeen bitartean. Horregatik, interesgarria litzateke txikikeria zer den definitzea, baina ez luke mereziko, txikikerietan galduko ginateke eta.