2006/01/31

Agurra

Blog pertsonal bat egiteak nigan izan lezakeen eraginean pentsatzean erabaki nuen blogintzan murgiltzea. Internet bitakoren gainean irakurtzen nuen heinean haziz zihoan jakin-mina. Interes honek eztanda egin du lehen artikulu, txosten edo dena delako hau idaztearekin batera.
Idaztea, irakurle leial askori bezala, betidanik izan dut gogoko. Baina idazteko ohitura dudala esatea gezurra litzateke. Ikasle gehienen karakteristika den alferkeriari bota niezaioke errua... baina ez zait legezkoa iruditzen. Hori ez baita inpultso bat gelditzeko behar besteko arrazoia.
Blogintzan aritzea idazte ekintzarekin konpromiso bat hartzea da. Zure bloga progresiboki elikatuko duzula esan nahi du. Geldiune literarioak, hitz isilaraziek, blogaren heriotza ekar dezake eta. Guk geuk egiten dugun bezala, blog batetan bi asteren buruan ezer idatzi ez dutela ikustean ez gara berriz ere sartuko, idazki berri baten oparia ukatu digutelako.
Hori ekidin nahi dut, eta horretarako sorkuntza hau nahi bat asetzearen alegina bihurtuko dut, idazten dudanari zirriborro itxura eman beharrean orden apur bat ezarriz. Pentsamendu, iritzi eta sentimenduak idaztera bultzatuko nauena itxaropena izango da, bai. Orrialde honetan nire txoko babesteko gai izango naizenaren itxaropena.
Besterik gabe agurtzen naiz testu hau inork irakurriko duen ez dakidala baina bukatutako idazketaren berrirakurtzeak ematen duen lasaitasunaz gozatuz, hori baita eragingarri nagusietako bat.