2006/02/28

Hiru00sei: ODISEA

Inauterietako ostiral gauak denboraren mugak gainditu zituen Gernikan. Urtero legez, herriko tabernen elkarteak mozorro gaia jarri zuen. Oraingoan gure burua irudimenaz astintzeko asmoaz baliatu dira eta etorkizun urrunera begira zer nolako janzkera edo bizimodua egongo den pentsatzeko aitzakia izan da.
Hollywoodeko superprodukzioak presente egon ziren eta film futuristetan oinarritutako mozorroak nonahi ageri ziren. Koloreen eztanda bizi dugu gaur egun, baina mila urte barru gizartea zilar kolorezkoa izango dela uste dugu. Baliteke metalizatuak gugan sortzen duen harridura adierazteko modua izatea, edota garapenaren distira absolutuarenganako miresmena. Baina etorkizunaren aurrean daukagun ezjakintasunak robotikaren perfekzioa eskuratuko dugula pentsatzera garamatza. Teknologiaren eztandak erosotasuna eta diseinua konbinatuko dituela pentsatzera garamatza. Zientziaren garapenak salbatu egingo gaituela pentsatzera garamatza. Eta egia bakarra da ez dakigula denborak nora eramango gaituen, konproba ezina baita, baina jakina da gure hurrengoentzat utziko dugun planeta ez dela orain daukaguna bezain “ederra” izango, giza handinahiaren aztarnak munduko lurrazal osoa estaliko baitu. Supergizakia beti egon da naturaren legeen gainetik. Orain, ordea, gure axolagabekeria faktura pasatzen ari da.
Hala ere, inkognita bat gelditzen da gainditzeke guzti honetan, zer esan handia izan lezakeena: Gizakia al da unibertsoaren partehartzailerik aktiboena ala bizitza estralurtarrik ezagutuko dugu gure itaunak erantzuten lagunduko diguna? Gernikarrok horretaz ziur gaudela dirudi, antenadun mozorroak izan ziren ugarienak eta.

2006/02/20

Musua - C. Brancusi

Ustekabez beteriko bizitza honek ia ez du betarik ematen gertatzen zaigun gauza guztiei buruz sakonki pentsatzeko. Hori izaten da harremanen azken musu eta besarkada ahaztearen arrazoia. Ia espero gabe, supituki datorren bukaerak ez digu uzten azken sentimenduak adierazteko keinu maitakorra une berezia balitz bezala gogoratzen. Honela, azken musua ez da azkena, protagonistek gehienetan azkena izango dela ez baitakite eta edonolako musu arrunt bilakatzen dute. Beraz, harreman baten amaierak sorrarazitako sentimenduen nahasketak uzten dituen maitasun hondarrak keinu batez adierazteko nahiaren azken aukera ukatzea da existitzen ez den azken musu hori…
Ikusten denez, gauza batzuk, sentimenduen antzera, deskribatzeko zailak dira eta horietan pentsatzea alferrikakoa da. Gertatutakoak datozen moduan hartu behar dira, erne ibiliz… baina beti unez une biziz.

2006/02/17

2,40 € berriz ere


Atzo, herriko estanko batean, dendariaren haserrea irakurri nuen bere begietan tabakoaren prezioa berriz igo al den galdetu nionean. Laster damutu nintzen. Emakumeak grinez puztutako diskurtsoaren tartean arnasa hartzeko denbora hartu zuen eta horretaz baliatu nintzen dendatik alde egiteko agur esan ondoren. Ez dut tabakoaren apologiarik behar, jada erretzailea naiz. Era berean, ez dut tabakoaren kontrako sermoirik behar, jada kontzientziatuta bainago.
Estereotipoak guztiz aldatu dira urte gutxitan. Orain dela ez asko, erretzea gizonezkoen kontua zen eta gizartearen garapenak horren aldaketa ekarri zuen. Lege berriak, ordea, erretzaileen perfil berria eratu duela dirudi: arrazoi zentzugabean oinarritzen den delinkuentearena.
Inoiz erre ez duenak ez du ulertuko adizio ergel honen funtsa. Eta hari deskribatzea denbora galtzea litzateke, beharrizan deskribaezina baita. Etengabe ahotik kea darion herensugea izateko behar ilogikoa, birikiak aire toxikoz betez eta horren hondakinak kanporatuz. Eta halako lasaitasun psikologikoa eskaintzen du tabakoak non dependentziarenganako maitemintzea sortzen du. Hori izaten da erretzeari utzi nahi ez izatearen arrazoia.
Baina gurekin amaituko dute, debeku gero eta gogorragoak ezarriz. Pentsaezina baita dagoeneko iragarki baten slogana "Me gusta conducir" izan beharrean "Me gusta fumar" izatea.

2006/02/16

Beldurraren lurrina

Azaroak 28,

Egunerokotasunak ez du nire bizitzaren amaiera baino hurbiltzen. Presa gabe, baina geldiezin, balazta gabeko tren baten legez. Eta paradoxikoki, agonia hau da niri zorion apurraren erantzule, laster, existitzeari utziko baitiot. Mundu hau mespretxatu eta kalte-ordain bezala nire gorputz ubeldua utziko dut. Baina hori baino ez, nire arimak askatasuna arnastuko duelako lehen aldiz hogeita hamahiru urtetan, hemendik urrun, harengandik urrun.

Gaur ere, beti bezala, jipoitu egin nau. Usadio bihurtu da azkenaldian. Etxe honetan beste edozeinetan hortzak garbitzea bezain arrunta da nire arrantzak entzutea. Gaurkoan, lanetik berandu heldu da beheko tabernan gelditu delako. Afaria hoztu zaio eta nirekin akabatu nahi zuela zirudien. Azkenean ez da hainbesterako izan, ukabilkada mordoa jaso arren aurpegian. Gutxienez ez dit ostikorik eman sabelean eta esperantza txikiak oraindik bertan dirauela dakit.

Egitekoarekin bukatu ondoren berriz jaitsi da tabernara. Nik momentu hori aprobetxatzen dut idazteko. Aurpegia handituta daukadala eta saminak pentsamenduak iluntzen dizkidala, gorrotoak bidea eraikitzen du burmuinetik folio zurirarte. Zarata bat entzuten ari naiz… atea da. Badatorrela uste dut, eta oso mozkortuta gainera, niri izena oihukatzen ari da, nire bila ari da, geroz eta hurbilago dago, nire atzean soma dezañdjbgrntyujhorfjknmtkgophkm

2006/02/11

Gau txorien ikuskera

Bilbon ostiral goizaldea...
juerga itzelaren ondoren

kuadro bat datorkit burura.

Kale hutsak nigan sortu zuen sentsazio arraroaren ondorioa, buruari eragin eta oroimen mozkortuak lan egokia eginez bisualizatu zuen lehen irudia: Antonio Lopezen Gran Via. Hiperrealismoa, egunerokotasunak arrunt bilakatzen duenaren kritika dela diote, baina ez dakit zergatik... egoera hura surrealista iruditu eta halako ezinegona ere sortu zuen nire barnean.

Asfaltuzko basamortua,
giza hilkortasunaren erakusle gauez.
Asfaltuzko oihana,
giza ankerkeriaren erakusle egunez.

2006/02/05

Jektibotasunari buruz...

Aurrekoan idatzi nuenari bueltaka ibili naiz... eta zorabio horretan, egunero kontsumitzen ditugun berrien gainean asko pentsatu dut...
Albiste oro subjektibotasun maila handiago edo txikiago batez egina dagoela uste dut. Hau onartzen ez dugun bitartean hedabideek gurekin nahi dutena egingo dute. Haiek diotena egia objektibo bakarra dela sinestaraziko digutelako.
Zergatik albiste berbera hain era ezberdinetara agertzen da egunkari bakoitzean? Bai, egunkari bakoitzak ideologia politiko ezberdina dauka eta hori dena (blablabla...). Baina kazetari bakoitza ez al da gizabanako bakar eta errepika ezina? Pentsa ezazu... hedabide bereko bost kazetari, datu sorta bat eta albiste bat egiteko agindua. Era berean idatziko luketela uste al duzu? EZ...
Norberaren objektibotasuna ez da besteena bezalakoa, hitz baten hautaketa soilak desberdintasun hori seinala dezake. Nirea eta zurea ezberdinak? Zein da egokiena beraz? Ez bata ez bestea. Objektiboa izateko saiakerak baino ez direlako, bakoitzaren irizpideen arabera arautuak, gure bizitza osoan zehar edan ditugun iturrien nahasketa sistematikoa, gu konturatu gabe gauzatu dena eta zuzendu ezinezkoa.
Ez gara makinak, gure izaera egunerokotasunak gidatzen dituen ekintza guztietan islatzen da. Horregatik kazetarien lana, tamalgarria izan arren, ona edo oso ona izan daiteke. Baina inoiz ez perfektua, idazketa lanetarako perfekzio kontsentsurik ez dagoelako.

Hitzak ez dira logika azpimarratzeko sortu, ez dira emaitza matematikoak.

P.D. Berriz errepikatuko dut badaezpada: Honekin guztiarekin ez dut esan nahi albisteak iritziz zipriztinduta egon behar direnik, subjektibotasuna bere osotasunean kontrola ezinezkoa dela uste dudala baizik.

2006/02/02

Melocoton en Al(tzi)bar

Gure irakasle batek dioenez, hirugarren mailara heldu arte ez gara iritzi artikuluak edo kritikak idazteko gai izango. Dirudienez, horretarako falta zaigun heldutasun maila bi urte eskasetan eskuratuko dugu, bai zera! Noiztik hartzen da kontutan adina gaitasun baldintza bezala?
Gizakia betidanik egon da erabakiak hartzera behartuta, beraz edozein gairi buruzko irizpide propioa izatera ere behartuta dago. Beltza eta zuria, grisa existituko ez balitz bezala. Atzera bueltatzerik ez duten erabakiek indartsu egiten gaituzte. Indar hori da idaztera bultzatzen gaituena, pentsatzen eta sentitzen dugunari buruz idaztera. Hortaz, gure iritzia inplikatuta gelditzen da idazte ekintza horretan, bai, eta zer?
Izaki subjektiboak gara, ezinezkoa zaigu gure naturaren kontra jotzea. Objektibotasuna inoiz lortzen ez den perfekziorako urrats gorena da, zergatik zailenetik hasi?
Inguratzen gaituenari buruzko ikuspuntu desberdinak jakin nahi nituzke. Hori da eta jakintsu egiten gaituena. Etxean ditugun entziklopedien edukia ez da historian zehar gertatutako ekintzen pilaketa soila, giza adimenaren batuketa ere bada.
Baina ez nazazue gaizki interpretatu, honekin guztiarekin ez dut esan nahi albisteak iritziz zipriztinduta egon baher direnik eta. Idazle gazteei - idazlea, idazten duena baita - bere iritzia materializatzearen debekuaren kontrako manifestua baino ez da. Objektibotasun zurrunerako bidean, subjektibitatea ere ikasi beharrekoa baita eta ikasketa hori jaiotzen garen une beretik egitea litzateke ideala.
Hortaz, irakurle, nire blogean txoko bat eskaintzen dizut, atzo ikusi zenuen auto istripua kontatzeaz gain, munduari buruz duzun ikuspuntua eman nahi duzulako.
Zentsura gehiagorik ez!