2006/02/16

Beldurraren lurrina

Azaroak 28,

Egunerokotasunak ez du nire bizitzaren amaiera baino hurbiltzen. Presa gabe, baina geldiezin, balazta gabeko tren baten legez. Eta paradoxikoki, agonia hau da niri zorion apurraren erantzule, laster, existitzeari utziko baitiot. Mundu hau mespretxatu eta kalte-ordain bezala nire gorputz ubeldua utziko dut. Baina hori baino ez, nire arimak askatasuna arnastuko duelako lehen aldiz hogeita hamahiru urtetan, hemendik urrun, harengandik urrun.

Gaur ere, beti bezala, jipoitu egin nau. Usadio bihurtu da azkenaldian. Etxe honetan beste edozeinetan hortzak garbitzea bezain arrunta da nire arrantzak entzutea. Gaurkoan, lanetik berandu heldu da beheko tabernan gelditu delako. Afaria hoztu zaio eta nirekin akabatu nahi zuela zirudien. Azkenean ez da hainbesterako izan, ukabilkada mordoa jaso arren aurpegian. Gutxienez ez dit ostikorik eman sabelean eta esperantza txikiak oraindik bertan dirauela dakit.

Egitekoarekin bukatu ondoren berriz jaitsi da tabernara. Nik momentu hori aprobetxatzen dut idazteko. Aurpegia handituta daukadala eta saminak pentsamenduak iluntzen dizkidala, gorrotoak bidea eraikitzen du burmuinetik folio zurirarte. Zarata bat entzuten ari naiz… atea da. Badatorrela uste dut, eta oso mozkortuta gainera, niri izena oihukatzen ari da, nire bila ari da, geroz eta hurbilago dago, nire atzean soma dezañdjbgrntyujhorfjknmtkgophkm

2 comentarios:

Anónimo dijo...

Benetan oso tristea da idatzi duzun hau, frustaziozko sentimenduak ezin hobeto isladatzen dira. Zoritxarrez, emakume ugari ari da honelako tratu txarrak pairatzen eta justiziak ez du ezer egiten hau guztia saihesteko. Bada, zer egin behar dute beraiek, ez badute gizartean inolako babesik aurkitzen? Badirudi emakume oihuak mutuak direla legegileentzat.

Ugutz Falzes dijo...

Asko gustatu zait dezañdjbgrntyujhorfjknmtkgophkm
azken hori.
Ez, benetan, oso ondo. Baina Tazo, zoritxarrez, emakumeak ez dira tratu txarrak pairatzen dituzten bakarrak. Emakumeenak ez diren beste asko ere badaude, isiltzen direnak, ezkutatzenm direnak. Ez ahaztu gizonezkoak eta umeak ere jipoituak izaten direla.