2006/12/25

Gabon faltsukeri zoriontsua

Eguberri eguneko janariaren ostean indarrak berreskuratu ditut eta orain bai, gai naiz hau esateko: Gorroto ditut gabonak. Eta pentsa daitekeenaren kontra nire amona sukaldari ezin hobea da.

Gabonen inguruan sortzen den parafernalia faltsua da benetan gorroto dudana. Hasteko, ulertezina zait mundu guztia zoriontzeko behar hori: Zorionak eta urte berri on. Zer da aurpegiratzen duguna, zorionak zure bizimodu mierdoso eta baliogabeari beste urte bete eusteko gai izan zarelako? Urte berri on izan ezazu baina ez ahaztu ikusi ere ezin zaitudala egin? Eta jarraian musuen kontzertua konpromisoz erositako oparien laguntzaile moduan.

Nola ez, horrek inplikatzen duen guztiarekin. Ez, nik ez dut behar ez dudan gauzarik erosten. Zenbatetan entzun ditugu horrelako esaldiak? Zenbatetan jaso ditugu ezertarako balio ez dituzten opariak? Amorruz betetzen naute derrigorrezko erosketa horiek, ilusiorik gordetzen ez dutenak. Baina fededunek esango luketen bezala, Jesusen jaiotzak edozein gastu justifikatzen du. Duela bi mila urte bizi izan zen ustezko jainko baten jaiotza gurtu behar al dugu mirariak egiten zituelako eta doktrina ilogikoz betetako liburu bat idaztea bideratu zuelako? Aitzakia soila baino ez da. Inkisizio garaian hereje izateagatik sorginak hiltzen zituztela jakingo ez banu barrez lehertuko nintzateke horrelakoak sinesten dituztenen aurrean.

Kristau onaren papera betetzea modan egoten da gabonetan. Baina gutxi dira, hirietako kale komertzialetatik paseatzerakoan, gabon argien itzaletan ezkutatzen direnen miseria ikusteko gai. Gabonetan ikaragarria izaten da hauen ugaltzea. Kapitalismoaren esklaboak nonahi daude. Baina guk nahiago dugu eskale hitza erabili hauetaz jardutean. Eta nahiago dugu txapon baten bidez konpondu gure kontzientzia katolikoak eragindako erruduntasun sentimendua. Ondoren, El corte ingles bezalako saltoki handietan diru xahutze kolektiboari ekiten diogu berriz ere, atzean utzitakoa ahaztuz, ereduzko hiritarraren dekalogoa jarraitu dugula sinistuta.

Urrunegi joan gabe, gabonak zoritxarreko uneak gogoratzeko sasoi aproposenak dira. Hildako senideak eta edozein eratako ezbeharrak inoiz baino presente eta mingarriago daude. Ilun, hotz eta goibelak dira gabonak. Minak mingarriago bilakatzeko gai den garaiari zoriontsu hitza atxiki behar al diogu? Ez al gara hipokresia barneratzera larregi ohitu?

Hala ere, telebista iragarkiek ze pozik, gabonak dira eta zoriontsu nago esatera derrigortzen naute. Kristau monarkikoei hauxe baino ez: barkaidazue Don Juan Carlos errege txit gorenaren gabon gaueko diskurtsoak ase ezin duen zoriontasuna eszeptizismoan bilatzen badut.

Datorren urtean Olentzerori opari originalagoa eskatzen saiatuko naiz: faltsukeriazko desira, hitz eta keinuak saihesteko aparailua. Suerte apur batekin 2007ko asmakuntza izango da.

Atsegina da ikuspegi ofizialetatik at bere iritzi propioa sortzen duenik dagoela jakitea.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

errozoie dakozu, gabonak askotan betebehar baten legez hartuten diez, eta faltsukeridxez beteta egoten diez.

baie ez dotzazu parte onari begitzu! nik oso ondo pasa dot familidxegaz batute, jan ta jan, eta oparidxek emoten. bai, dpm pasa dot. eta gustaten daztez gabonak, ohitura modure eta familidegaz oteko modure hartuten dotezelako, eta ez, kristautasunen arrazoiegaitzik.

Ugutz Falzes dijo...

Nik betidanik, txikitatik gorrotatu izan ditut gabonak. Ez dakit arrazaoia, beno, beharbada bai, baina ez noa hemen plazaratzera.
Pasa den urtekoak izan ziren gustatu zitzaizkidan lehenengo gabonak, egin kontu!
Baina nik ere uste dut, gabonak, bere osotasunean ez direla gorrotatzen ditudanak, bere inguruan sortzen den parafernalia eta geruza ponposo eta faltsua baizik. Soluzioetako bat: Urtean zehar hainbestetan egiten ditugun familia bazkari baten moduan soilik hartzea izango litzateke, horietan oso ondo pasatzen baitut.



Hala eta guztiz ere, Ane:
Zorionak eta urte berri on, bihotzez!