2006/12/31

2007a, segida baten jarraipena baino ez





Ez dago topikoetatik urruntzeko beharrik. Gaur, egun aproposa da atzera begirako baten bidez urtean zehar igarotako guztiari erreparatzeko. Bizimoduak urte beteko epean eman ditzakeen bira guztiak miresteko unea da. Eta edozeren gainetik urte berria indarrez eta adoretsu hasteko erabakia hartzeko momentua, ezjakintasunak ematen duen zalantza sentimenduaz baliatuz.

Soilik ohar bat; denboraren balioa aintzat hartzen ez dugula dirudi askotan. Agian ohituta gaudelako telebistaren aurrean esertzen garenean zerbait kulturala egiten ari garela pentsatzera. Eta urte bukaerako diskurtso moral bat izateaz urrun, denboraren pasoari emango diot protagonismoa. Espazio/denbora tarte hau era batera edo bestera guri eta ez beste inori egokitu zaigularik, ez dut intentsuki bizi ez dudala gogoratu nahi. Mahatsak irentsi ostean ez dago damutzeko premiarik.


What you waiting for?

2006/12/25

Gabon faltsukeri zoriontsua

Eguberri eguneko janariaren ostean indarrak berreskuratu ditut eta orain bai, gai naiz hau esateko: Gorroto ditut gabonak. Eta pentsa daitekeenaren kontra nire amona sukaldari ezin hobea da.

Gabonen inguruan sortzen den parafernalia faltsua da benetan gorroto dudana. Hasteko, ulertezina zait mundu guztia zoriontzeko behar hori: Zorionak eta urte berri on. Zer da aurpegiratzen duguna, zorionak zure bizimodu mierdoso eta baliogabeari beste urte bete eusteko gai izan zarelako? Urte berri on izan ezazu baina ez ahaztu ikusi ere ezin zaitudala egin? Eta jarraian musuen kontzertua konpromisoz erositako oparien laguntzaile moduan.

Nola ez, horrek inplikatzen duen guztiarekin. Ez, nik ez dut behar ez dudan gauzarik erosten. Zenbatetan entzun ditugu horrelako esaldiak? Zenbatetan jaso ditugu ezertarako balio ez dituzten opariak? Amorruz betetzen naute derrigorrezko erosketa horiek, ilusiorik gordetzen ez dutenak. Baina fededunek esango luketen bezala, Jesusen jaiotzak edozein gastu justifikatzen du. Duela bi mila urte bizi izan zen ustezko jainko baten jaiotza gurtu behar al dugu mirariak egiten zituelako eta doktrina ilogikoz betetako liburu bat idaztea bideratu zuelako? Aitzakia soila baino ez da. Inkisizio garaian hereje izateagatik sorginak hiltzen zituztela jakingo ez banu barrez lehertuko nintzateke horrelakoak sinesten dituztenen aurrean.

Kristau onaren papera betetzea modan egoten da gabonetan. Baina gutxi dira, hirietako kale komertzialetatik paseatzerakoan, gabon argien itzaletan ezkutatzen direnen miseria ikusteko gai. Gabonetan ikaragarria izaten da hauen ugaltzea. Kapitalismoaren esklaboak nonahi daude. Baina guk nahiago dugu eskale hitza erabili hauetaz jardutean. Eta nahiago dugu txapon baten bidez konpondu gure kontzientzia katolikoak eragindako erruduntasun sentimendua. Ondoren, El corte ingles bezalako saltoki handietan diru xahutze kolektiboari ekiten diogu berriz ere, atzean utzitakoa ahaztuz, ereduzko hiritarraren dekalogoa jarraitu dugula sinistuta.

Urrunegi joan gabe, gabonak zoritxarreko uneak gogoratzeko sasoi aproposenak dira. Hildako senideak eta edozein eratako ezbeharrak inoiz baino presente eta mingarriago daude. Ilun, hotz eta goibelak dira gabonak. Minak mingarriago bilakatzeko gai den garaiari zoriontsu hitza atxiki behar al diogu? Ez al gara hipokresia barneratzera larregi ohitu?

Hala ere, telebista iragarkiek ze pozik, gabonak dira eta zoriontsu nago esatera derrigortzen naute. Kristau monarkikoei hauxe baino ez: barkaidazue Don Juan Carlos errege txit gorenaren gabon gaueko diskurtsoak ase ezin duen zoriontasuna eszeptizismoan bilatzen badut.

Datorren urtean Olentzerori opari originalagoa eskatzen saiatuko naiz: faltsukeriazko desira, hitz eta keinuak saihesteko aparailua. Suerte apur batekin 2007ko asmakuntza izango da.

Atsegina da ikuspegi ofizialetatik at bere iritzi propioa sortzen duenik dagoela jakitea.

2006/12/21

Begirunez agurtutako irakasleak ekarritako oroitzapenak II


Trapu zahar horien esanahia ulertzen dut gaur. Oroitzapenak irudiz eta materializatuta ikusteko behar hori. Babeslekua aurkitu zuen nikien barnean eta gure inozokerien aurrean entzungorrarena egiteko adimen nahikoa izan zuen. Bizitako momentu ederrek emandako ausardiaz baliatuz garaitu gintuen irakasleak. Merezi gabeko tarta zatia bailitzan ez zuen konpartitu. Gugandik urrun pasatako une zoriontsuak eternalki ikaragaitz bihurtzea lortu zuen horrela. Gure irakaslea ez zen ergela.

Garai haiek malenkoniaz gogoratzea baino ez zaigu geratzen orain. Oporretan iraganera joan eta une haiek birbizi al banitu, zinez, egingo nuke. Eta iraganean ainguratuta bizi naizela esango balidate, iragana gogoratuz oraina bizi dudala esango nuke. Baina arestian aipatutako niki ugerrok gogorarazten didate nik ere nire esperientzia propio eta erlijiosoa bizi behar dudala eta horrelako bizikizunen bidez eraiki etorkizun bidaiaria.

Helmuga: Positano. Zin dagit ez diodala idatzi beharreko ezeri bukaerarik emango bertan ez bada.

2006/12/18

Begirunez agurtutako irakasleak ekarritako oroitzapenak


Sudur zorrotz eta zango luzeak zituen. Bikain. Ekuazioek beti uzten zuten txantxarako tarteren bat eta guk ez genuen bat ere ez alferrik galtzen. Zuzendariaren bulegoa zen goieneko mehatxua eta baten batek ezagutu zuela uste dut. Baina ekidinezinezko une gogaikarrietan, klaseko heroia ere ez lirateke irakaslearen azalpenak hondatzen ausartuko. Beste plan bat genuen. Gai bat atera eta berriketan hasten ginen, irakaslearen parte-hartzea estimatzen zen. Gogoko genituen klasea bideratzeko egiten zituen alferrikako saiakerak.

Bereizgarritzat, ia egunero eramaten zituen niki bitxiak. Serigrafia baten eskutik bere bidaietan ateratako argazkiez hornitutako nikiak ziren. Gizeh-ko piramideak, Taj Mahal… Garbigailuaren indarraz eta eguneroko erabileraren eraginez higatutako tela zati horiekin pena ematen zuen. Benetan. Irakasleari arropa berria erosteko diru bilketa egiteko gogoa sartzen zitzaigun. Horren ordez, izorratzeko, bidaiei buruz galdetzen genion, jakin-min eta interes handiz. Berak, ordea, zazpi ber bi berdin berrogeita zazpi eta antzekoak erantzuten zituen. Buruan “paciencia, que es el dios de la ciencia”.

2006/12/11

Komunean gertatutako hilketa sahiestezin baten kronika

Urteen poderioz arrakalatutako hormaren zirrikitutik irten zen, gauaren babesaz baliatuz. Bere oskol beltzaren distira nabarmenduta ageri zen leihotik sartzen zen ilargiaren argiaz eta zomorroa noraezean ibili zen denbora zehaztugabean, haizearen norabidea ezin dezifratuz, ezin ulertuz toki itxian airearen kondentsazioaren zentsua.

Estolderia paradisua atzean utziz eta jakin-minak bultzatuta hartu zuen bizilekua lagatzeko erabakia. Kanpoan zer aurkituko zuen zain. Imajinatutako kirasdun zoldazko kalea ezerezean gelditu zen eta zurtuta, labezomorroak, faltan bota zituen kakaz betetako hodiak. Desinfektatzailearen eraginez atrofiatutako usaimenak ez zion mesederik egin eta itzulera ezinezkoa egin zitzaion. Itolarria eta zorabioa sentitu zituen jarraian eta halako zoramen ulertezin bat jabetu zen hartaz. Milaka bira eman zizkion gelari, eta bat-batean, argi itsugarri bat piztu zen.

Gizonak segituan pausatu zuen begirada berarengan eta mamorroak sortzen zion higuina zertan ezkutatzeko beharrizanik gabe hurbildu zen. Zapaltze mortal batez akabatu zuen. Erraiak komuneko zoruan zehar geratu ziren sakabanatuta. Bere zereginak amaitu eta gizona lasai asko oheratu zen berriz ere, argia itzaliz eta gertatutakoa ametsa bailitzan. Zeharo ezdeusa. Momentu hartan hil zen gizakiaren ontasun apurra, inoiz haren jabe izan bada behintzat. Labezomorroaren kuriositatea asasinatzeagatik gure arima maltzurkeriaz pozonduta egotera kondenatuta dago geroztik. Xehetasun hutsalak baztertzeagatik. Sozialki horrela onartu delako begi bistan min egiten duena suntsitzeagatik.

2006/12/06

Libreta horiko poemak

Militantea eskiatzera doa ostiral iluntzean,
arratsaldean presoen aldeko manifan izan ondoren.
Rockeroa furgona berrian doa kontzertua ematera,
eta ordu txikietan sartuko da
amak goizean egin dion ohean.
Gazteak autobusean doaz Donostiako gaurko manifara
eta gauean bapo afaldu eta mozkortuko dira.
Funtzionarioa Chiapasera doa iraultzaren taupaden bila
urte osoan hiritar ernegatuoi
burokrazia tonak irentsarazi ondoren.
Gosearen aurka limosna eman duen kristauak
bi hilabeteko soldata botako du
udako apartamentuagatik.
Futbolariak dira jende xehearen miresmen eta eredu:
diruagatik euren burua
edonora saltzen duten mertzenarioak.
Gure historia aztertu duen ikerlari sutsuak
ez daki bere aurkikuntza jatorrizko hizkuntza ematen.
Eskuineko parametroen erosotasunean bizi gara
baina herrialde iraultzaileekiko sentibera gaude beti:
aberatsak izanik prest gaude beti
pobreei pobreago izaten laguntzeko.
Gauza garrantzitsuak gazteleraz esanez
babesten dugu euskararen garrantzitxoa.
Hau da Euskal Herria:
burges putaz beteta dagoen
munduko herririk iraultzaileena.

*[_-PAKO ARISTI-_]*

Orain bi urte Pako Aristiren liburu bat erosi nuen Durangoko Azokan, Gauza txikien liburua. Garai hartan ezagutu ere ez nuen egiten, liburua eskuetatik kendu eta sinatu egin zuen nire izena galdetu ondoren. Orduan ohartu nintzen nire aurrean zegoen hura beranduago miretsiko nuen idazlea zela. Hipokresia sutilena ere antzemateko gai den hitzen magoa. Iragan urtean ere itzuli egin nintzen hura aurkitzeko itxaropenarekin. Ez nuen aurkitu, baina bere beste bi liburu eskuratu nituen; Libreta horiko poemak eta Note Book. Aurten, Durangoko Azokara joango naiz, Pako aurkitzeko itxaropen gabe. Bai ordea bere liburu berri bat erosteko asmoz.