Duela hiru hilabete agur esan zigun Britania Handiko Wight irlara habiatzeko. Bertan eman du uda guztia, eta bere begietan ez da damu izpirik ageri. Beldurrez eta ausardiaz aldendu zen, ingelesa ikasi beharrak bultzatuta. Baina esperientziak hizkuntzaren ezagutza baino askoz gehiago eman dio; independentziatik ikasitako heldutasuna eta inoiz ahaztuko ez dituen lagunak.
Lehen astean integratzeko arazoak izan zituen, atzerrian lan egitea ez da zeregin makala. Gauez, hondartzara joaten zen negar egitera eta Euskal Herrira bueltatzea ere pasa zitzaion burutik. Baina ez zuen amore eman eta handik gutxira lagunak egiten hasi zen, hoteleko logelatik alde egin zuen beste batzuekin partekatutako flat bat aukeratuz. Hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Barbecue, buggy night eta Ramon’s party ditu gogoan orain. Baita ezagututako lagun zoroek eskainitako egun zoroak. Eta nola ez, Baptiste.
Hitz eman diogu guk ere noizbait holako zerbait egingo dugula, jaioterritik urrun, inor ezagutzen ez dugun toki batean. Bitartean souvenir-ak eta postalak biltzen jarraitzen dugu. Horietako bakoitzak bere istorioak ditu atzean, eta era batera edo bestera gu ere protagonista gara, istorioaren hartzaile izan garen heinean. Horrela gogoratzen dut Dubrovnik-eko kaleetan zehar galdu zen lagunaren estualdia, Gioconda koadroari argazkia ateratzen ausartu zen lagunaren lotsagabekeria, ingelesen zikinkeria mugagabeaz hitz egiten duen lagunaren nazka…
No hay comentarios:
Publicar un comentario