2006/07/12

Bada esnatzeko garaia!

Lehen ez bezala, aspertu egiten naiz lehengusu txikiekin. Haurtzaroko jolasek gure memorian gordetzen zuten txokoa ahaztean heldutasuna ezagutu dugula esan daiteke. Melankoliaz eta tristeziaz gogoratuko ditugula lagunartean geundela parkean igarotako ordu amaigabe haiek. Ezjakintasunetik esnatzearen ondorio latzak.
Nork botatzen ditu faltan pilota soil batek zoriontsu egiten gintuen garai urrunok? Ez du inork eskua altxatu, d
enok isilik eta pentsakor geratu dira, ordea. Gure ezagupena eta munduarekiko perspektiba mugatuak zeuden garaiak…
Zeinen alaiak haiek!
Soineko arrosa txokolatez zikinduta eramatea modan zegoenean eta irribarreak lapurtzea edonoren esku uzten genuenean. Txanpon bat galtzeak unibertsoaren bukaera suposatzen zuen, era berean topatzeak Amerikaren aurkikuntzarekin konpara zitekeen.
Atzera begiratuz eta oroitzapen izpi txikiak batzean, metro erdi neurtzen genueneko film gogokoak gogoratzen dira. Hamar urte beranduago, zergatik irudi berberek ez dute esanahi berdina guretzat? Zerk aldarazi du itsaslamia? Eta Lehoi erregea? Gu aldatu ote gara? Izan liteke… ez?
Egun batean bizitzak aske uzten gaitu begiak txaplastako batez irekiz. Aurrean daukaguna ezagutu, aztertu eta baloratuko dugu ordutik aurrera, bizitzak eskaini dezakeen guztia, alegia. Erabat nahasturik, beharbada, garai urrun haietara itzuliko gara begiak kolpera itxiz, ikusi duguna ulertu ezinik. Egiten ausartzen ez garena besteen esku utziko dugu, koldartasunak, haurren inozentziaren erakusgarri gisa, itotzen gaituen bitartean. Ez gara berriz esnatuko, amaren magalean bezala gozo-gozo eta babesturik sentituko garelako iraganean ainguratuta.
Munduari, faltsukeriari eta hipokresiari lepoa emanda egongo gara. Burua jaitsiko dugu eta gure erantzukizunari uko egingo diogu. Lotsaturik, begirada konprometigarriak ekidingo ditugu eta gure existentziaren lekukorik ez egotea amestuko dugu, hautsezko fits ikustezin baten legez.

No hay comentarios: