2006/12/31

2007a, segida baten jarraipena baino ez





Ez dago topikoetatik urruntzeko beharrik. Gaur, egun aproposa da atzera begirako baten bidez urtean zehar igarotako guztiari erreparatzeko. Bizimoduak urte beteko epean eman ditzakeen bira guztiak miresteko unea da. Eta edozeren gainetik urte berria indarrez eta adoretsu hasteko erabakia hartzeko momentua, ezjakintasunak ematen duen zalantza sentimenduaz baliatuz.

Soilik ohar bat; denboraren balioa aintzat hartzen ez dugula dirudi askotan. Agian ohituta gaudelako telebistaren aurrean esertzen garenean zerbait kulturala egiten ari garela pentsatzera. Eta urte bukaerako diskurtso moral bat izateaz urrun, denboraren pasoari emango diot protagonismoa. Espazio/denbora tarte hau era batera edo bestera guri eta ez beste inori egokitu zaigularik, ez dut intentsuki bizi ez dudala gogoratu nahi. Mahatsak irentsi ostean ez dago damutzeko premiarik.


What you waiting for?

2006/12/25

Gabon faltsukeri zoriontsua

Eguberri eguneko janariaren ostean indarrak berreskuratu ditut eta orain bai, gai naiz hau esateko: Gorroto ditut gabonak. Eta pentsa daitekeenaren kontra nire amona sukaldari ezin hobea da.

Gabonen inguruan sortzen den parafernalia faltsua da benetan gorroto dudana. Hasteko, ulertezina zait mundu guztia zoriontzeko behar hori: Zorionak eta urte berri on. Zer da aurpegiratzen duguna, zorionak zure bizimodu mierdoso eta baliogabeari beste urte bete eusteko gai izan zarelako? Urte berri on izan ezazu baina ez ahaztu ikusi ere ezin zaitudala egin? Eta jarraian musuen kontzertua konpromisoz erositako oparien laguntzaile moduan.

Nola ez, horrek inplikatzen duen guztiarekin. Ez, nik ez dut behar ez dudan gauzarik erosten. Zenbatetan entzun ditugu horrelako esaldiak? Zenbatetan jaso ditugu ezertarako balio ez dituzten opariak? Amorruz betetzen naute derrigorrezko erosketa horiek, ilusiorik gordetzen ez dutenak. Baina fededunek esango luketen bezala, Jesusen jaiotzak edozein gastu justifikatzen du. Duela bi mila urte bizi izan zen ustezko jainko baten jaiotza gurtu behar al dugu mirariak egiten zituelako eta doktrina ilogikoz betetako liburu bat idaztea bideratu zuelako? Aitzakia soila baino ez da. Inkisizio garaian hereje izateagatik sorginak hiltzen zituztela jakingo ez banu barrez lehertuko nintzateke horrelakoak sinesten dituztenen aurrean.

Kristau onaren papera betetzea modan egoten da gabonetan. Baina gutxi dira, hirietako kale komertzialetatik paseatzerakoan, gabon argien itzaletan ezkutatzen direnen miseria ikusteko gai. Gabonetan ikaragarria izaten da hauen ugaltzea. Kapitalismoaren esklaboak nonahi daude. Baina guk nahiago dugu eskale hitza erabili hauetaz jardutean. Eta nahiago dugu txapon baten bidez konpondu gure kontzientzia katolikoak eragindako erruduntasun sentimendua. Ondoren, El corte ingles bezalako saltoki handietan diru xahutze kolektiboari ekiten diogu berriz ere, atzean utzitakoa ahaztuz, ereduzko hiritarraren dekalogoa jarraitu dugula sinistuta.

Urrunegi joan gabe, gabonak zoritxarreko uneak gogoratzeko sasoi aproposenak dira. Hildako senideak eta edozein eratako ezbeharrak inoiz baino presente eta mingarriago daude. Ilun, hotz eta goibelak dira gabonak. Minak mingarriago bilakatzeko gai den garaiari zoriontsu hitza atxiki behar al diogu? Ez al gara hipokresia barneratzera larregi ohitu?

Hala ere, telebista iragarkiek ze pozik, gabonak dira eta zoriontsu nago esatera derrigortzen naute. Kristau monarkikoei hauxe baino ez: barkaidazue Don Juan Carlos errege txit gorenaren gabon gaueko diskurtsoak ase ezin duen zoriontasuna eszeptizismoan bilatzen badut.

Datorren urtean Olentzerori opari originalagoa eskatzen saiatuko naiz: faltsukeriazko desira, hitz eta keinuak saihesteko aparailua. Suerte apur batekin 2007ko asmakuntza izango da.

Atsegina da ikuspegi ofizialetatik at bere iritzi propioa sortzen duenik dagoela jakitea.

2006/12/21

Begirunez agurtutako irakasleak ekarritako oroitzapenak II


Trapu zahar horien esanahia ulertzen dut gaur. Oroitzapenak irudiz eta materializatuta ikusteko behar hori. Babeslekua aurkitu zuen nikien barnean eta gure inozokerien aurrean entzungorrarena egiteko adimen nahikoa izan zuen. Bizitako momentu ederrek emandako ausardiaz baliatuz garaitu gintuen irakasleak. Merezi gabeko tarta zatia bailitzan ez zuen konpartitu. Gugandik urrun pasatako une zoriontsuak eternalki ikaragaitz bihurtzea lortu zuen horrela. Gure irakaslea ez zen ergela.

Garai haiek malenkoniaz gogoratzea baino ez zaigu geratzen orain. Oporretan iraganera joan eta une haiek birbizi al banitu, zinez, egingo nuke. Eta iraganean ainguratuta bizi naizela esango balidate, iragana gogoratuz oraina bizi dudala esango nuke. Baina arestian aipatutako niki ugerrok gogorarazten didate nik ere nire esperientzia propio eta erlijiosoa bizi behar dudala eta horrelako bizikizunen bidez eraiki etorkizun bidaiaria.

Helmuga: Positano. Zin dagit ez diodala idatzi beharreko ezeri bukaerarik emango bertan ez bada.

2006/12/18

Begirunez agurtutako irakasleak ekarritako oroitzapenak


Sudur zorrotz eta zango luzeak zituen. Bikain. Ekuazioek beti uzten zuten txantxarako tarteren bat eta guk ez genuen bat ere ez alferrik galtzen. Zuzendariaren bulegoa zen goieneko mehatxua eta baten batek ezagutu zuela uste dut. Baina ekidinezinezko une gogaikarrietan, klaseko heroia ere ez lirateke irakaslearen azalpenak hondatzen ausartuko. Beste plan bat genuen. Gai bat atera eta berriketan hasten ginen, irakaslearen parte-hartzea estimatzen zen. Gogoko genituen klasea bideratzeko egiten zituen alferrikako saiakerak.

Bereizgarritzat, ia egunero eramaten zituen niki bitxiak. Serigrafia baten eskutik bere bidaietan ateratako argazkiez hornitutako nikiak ziren. Gizeh-ko piramideak, Taj Mahal… Garbigailuaren indarraz eta eguneroko erabileraren eraginez higatutako tela zati horiekin pena ematen zuen. Benetan. Irakasleari arropa berria erosteko diru bilketa egiteko gogoa sartzen zitzaigun. Horren ordez, izorratzeko, bidaiei buruz galdetzen genion, jakin-min eta interes handiz. Berak, ordea, zazpi ber bi berdin berrogeita zazpi eta antzekoak erantzuten zituen. Buruan “paciencia, que es el dios de la ciencia”.

2006/12/11

Komunean gertatutako hilketa sahiestezin baten kronika

Urteen poderioz arrakalatutako hormaren zirrikitutik irten zen, gauaren babesaz baliatuz. Bere oskol beltzaren distira nabarmenduta ageri zen leihotik sartzen zen ilargiaren argiaz eta zomorroa noraezean ibili zen denbora zehaztugabean, haizearen norabidea ezin dezifratuz, ezin ulertuz toki itxian airearen kondentsazioaren zentsua.

Estolderia paradisua atzean utziz eta jakin-minak bultzatuta hartu zuen bizilekua lagatzeko erabakia. Kanpoan zer aurkituko zuen zain. Imajinatutako kirasdun zoldazko kalea ezerezean gelditu zen eta zurtuta, labezomorroak, faltan bota zituen kakaz betetako hodiak. Desinfektatzailearen eraginez atrofiatutako usaimenak ez zion mesederik egin eta itzulera ezinezkoa egin zitzaion. Itolarria eta zorabioa sentitu zituen jarraian eta halako zoramen ulertezin bat jabetu zen hartaz. Milaka bira eman zizkion gelari, eta bat-batean, argi itsugarri bat piztu zen.

Gizonak segituan pausatu zuen begirada berarengan eta mamorroak sortzen zion higuina zertan ezkutatzeko beharrizanik gabe hurbildu zen. Zapaltze mortal batez akabatu zuen. Erraiak komuneko zoruan zehar geratu ziren sakabanatuta. Bere zereginak amaitu eta gizona lasai asko oheratu zen berriz ere, argia itzaliz eta gertatutakoa ametsa bailitzan. Zeharo ezdeusa. Momentu hartan hil zen gizakiaren ontasun apurra, inoiz haren jabe izan bada behintzat. Labezomorroaren kuriositatea asasinatzeagatik gure arima maltzurkeriaz pozonduta egotera kondenatuta dago geroztik. Xehetasun hutsalak baztertzeagatik. Sozialki horrela onartu delako begi bistan min egiten duena suntsitzeagatik.

2006/12/06

Libreta horiko poemak

Militantea eskiatzera doa ostiral iluntzean,
arratsaldean presoen aldeko manifan izan ondoren.
Rockeroa furgona berrian doa kontzertua ematera,
eta ordu txikietan sartuko da
amak goizean egin dion ohean.
Gazteak autobusean doaz Donostiako gaurko manifara
eta gauean bapo afaldu eta mozkortuko dira.
Funtzionarioa Chiapasera doa iraultzaren taupaden bila
urte osoan hiritar ernegatuoi
burokrazia tonak irentsarazi ondoren.
Gosearen aurka limosna eman duen kristauak
bi hilabeteko soldata botako du
udako apartamentuagatik.
Futbolariak dira jende xehearen miresmen eta eredu:
diruagatik euren burua
edonora saltzen duten mertzenarioak.
Gure historia aztertu duen ikerlari sutsuak
ez daki bere aurkikuntza jatorrizko hizkuntza ematen.
Eskuineko parametroen erosotasunean bizi gara
baina herrialde iraultzaileekiko sentibera gaude beti:
aberatsak izanik prest gaude beti
pobreei pobreago izaten laguntzeko.
Gauza garrantzitsuak gazteleraz esanez
babesten dugu euskararen garrantzitxoa.
Hau da Euskal Herria:
burges putaz beteta dagoen
munduko herririk iraultzaileena.

*[_-PAKO ARISTI-_]*

Orain bi urte Pako Aristiren liburu bat erosi nuen Durangoko Azokan, Gauza txikien liburua. Garai hartan ezagutu ere ez nuen egiten, liburua eskuetatik kendu eta sinatu egin zuen nire izena galdetu ondoren. Orduan ohartu nintzen nire aurrean zegoen hura beranduago miretsiko nuen idazlea zela. Hipokresia sutilena ere antzemateko gai den hitzen magoa. Iragan urtean ere itzuli egin nintzen hura aurkitzeko itxaropenarekin. Ez nuen aurkitu, baina bere beste bi liburu eskuratu nituen; Libreta horiko poemak eta Note Book. Aurten, Durangoko Azokara joango naiz, Pako aurkitzeko itxaropen gabe. Bai ordea bere liburu berri bat erosteko asmoz.

2006/11/11

Itxita

Parentesis literarioa. Stop. Oporrak hartu. Stop. Zer egin pentsatu. Stop. Inspirazioa bilatu. Stop. Gauza gehiegi ahaztu.

Lasterarte

2006/11/01

Urriko azken astelehena




Aurtengo ahaleginekin, hein txiki batean bada ere, badirudi Urriko azken astelehenak berreskuratu duela ezaugarritzat zuen hori. Baserritarrez jantzitako jendea ugaritu egin da kalean, jaiaren senak bizirauten duenaren erakusgarri modura. Baina espontaneoa izatetik urrun, gernikarron artean zabaldutako e-mail baten emaitza da. Honako hau dio:

Danok dakizuelez, datorren astelehenien urriko azkenengo astelehena izengo da; betidanik baserritxar egune izen dana. Hainbeste urtetan gernikarrok ospatu izen dogun jaixe da, baia azken urtietan inoiz baino gehixau hasikera bateko zentzue galtzen dabil. Lehen baserritar guztixek Gerniken batu eta euren produktuek elkartrukatzeko egune izeten zan. Geur egun, apostu eingo neke, klasetik urten eta Gernikera juergan datozen erdixek ez dakizela ze jaitara datozen bez. Horregaitzik, lagun talde batek, Gernikeko Gazte Asanbladien oniritzixegaz, proposatzen dogu Urriko azken astelehenien baserritar janztie.

Izan ere, jaia asko aldatu da urte gutxitan. Lehen jendea goizean zehar bakarrik etortzen zen eta gehienak baserritarrak izaten ziren, masifikazioa egungoa da. Astelehen guztietan egiten den plaza berbera egiten zen, berezitasun handiegirik gabe. Orain, postuak egoten dira eta Euskal Herri osotik datorkigu jendea produktuak saltzera, ondoren sari banaketa egiten da eta gaztai hoberena enkantean jartzen da. Bertsolariak ere izaten ditugu giroa animatzeko.

Txosnak ugaritu dira eta lehen ez bezala taloa txorixoagaz jateko ohitura dago. Pasealekuan zegoen kioskoan erromeria egoten zela diote herriko agureek. Orain ez daukagu kioskorik baina bai gaztetxea eta aurton bertan egin da erromeria. Ikusten denez, garaiak aldatzen doaz etengabe baina badago Urriko azken astelehena mantentzeko gogo eta ilusioa.

Arazoa zera da ordea; urte batzuk barru, nekazaritza bere horretan ezagutzen dugun bezala existitzen ez denean, zentsurik izango al du jaiak? Inork ezagutzen al du baserrian testigua hartuko duen 20 urteko gazterik? Gaurko gazteek arrazoiagaz ez dute baserriarekin zerikusirik izan nahi, laguntza gehiagorik ezean galduta baitago. Orduan, zer gertatuko da Urriko azken astelehenarekin? Ahanzturan geldituko ahal da jaiaren xedea alkohol boteila hutsek herria apaintzen duten bitartean?

2006/10/24

Publizitatearen aro berria

Publizitateak erabiltzen dituen erakartze estrategiak asko aldatu dira urte gutxitan. Efektu bereziak, musika deigarria eta irudi ikusgarriak, film laburrak diruditen iragarkiak nabarmentzen dira. Produktua saltzea bigarren mailako helburua dela dirudi, garrantzitsuena arreta deitzea da. Saldu nahi dena beste plano baten uzten da eta horrekin zerikusik ez duena esplotatzen da iragarki amaieran lotura zuzen eta logiko bat bilatuz. Eta aitzakia hori zenbat eta originalago izan produktuaren arrakastaren bermea ziurtatuagoa izango da.
Publizitate mota berri honen erakusle
Orange konpainiak egindako iragarkietako bat dela iruditzen zait. Atzean geratu dira Amena-ren kolore berdedun iragarki nekagarriak. Dena den, foro honetan bestelako iritziak aurki daitezke Orange-k eramandako kanpaina publizitarioari buruz. Jarraian, frantziar telebistan ikus daitekeen aipatutako iragarkiaren bertsio luzatua:



Publizitatearen aro berri honetan
Ikea dugu beste adibide bat. Probokazioa eta humorea nahastuz, beharrizan baten errealitatea ikuspuntu komikoenetik aztertzen dute. Merezi duten Ikearen beste iragarki batzuk ikusteko sakatu hemen.

2006/10/17

(Normalmente) No vendo tabaco

Orokorrean ostalaritzan diharduen langileria aldatu dela esango nuke, eta aldaketa hori herririk txikienera ere heldu dela. Familiarteko negozio gutxi gelditzen da jada. Orain, tabernek ugazaba bakarra izaten dute eta honek zerbitzariak kontratatzen ditu.

Amonaren etxera joan nintzen lehengoan, herri txiki bateko aparteko auzoan bizi da, bi taberna baino ez dituen auzunean alegia. Bazkalostean, zigarroaren deia sentitu eta taberna horietako batera hurbildu nintzen. Lehengo ugazaba ezagutzen nuen, betidanik herrikoa izandakoa, euskalduna eta atsegina. Erretiroa hartutakoan taberna saltzea erabaki zuen. Beraz, banekien ezezagun bat aurkituko nuela barra atzean.

Hamar minutu inguru neramatzan itxaroten, bitartean barmana bueltaka zebilen alde batetik bestera. Ezer konkreturik egin gabe. Azkenean nire presentziaz jabetu zen eta disimula ezina egiten zitzaidan gogaitu aurpegiarekin begiratu nionean esan zidan:

- Enseguida te atiendo.
- …

Enseguida hori beste bost minutu luze bihurtu zirela isil nezake bukaezinak izan zirela irudituko ez balitzait. Patxada guztiarekin gainontzeko bezero igandezale guztiak artatu zituen eta azkenerako utzi ninduen. Pazientzia gutxi dudala dirudien arren erretzeko gogoek ihesari ekin eta nik neuk ere ihesari ekin nahi niolarik eustea lortu nuen. Egia esan ez nuen erretzeko beharrizanik.

- Dime.
- Chester pakete bat. - aingeru ahotsarekin, atzerapena ahazteko prest.
- No vendo tabaco. - $%&”@$%&/"@!?!ª*, orduan bai, aurpegiko muskuluak deskantsatzen jarri nituen eta ez nuen nire disgustua mozorrotu.
- …
- Tu no eres de aquí, verdad? De donde eres?- “Eta zuri zer?” erantzuteko gogoak irentsi nituen.
-
De Gernika.
- Y que te trae por aquí? – “La profesionalidad inmediata y los servicios del bar seguro que no” chip erdalduna buru barruraino sartuta.
- He venido de bisita.- bestelako azalpenik eman gabe.
- Bueno, normalmente no vendo tabaco, pero voy a hacer una excepción. – eta jarraian buelta eman eta tiraderetan arakatzen hasi zen, gogorregi epaitu nuela pentsatzen nuen bitartean. – Toma.- tabako paketea luzatu zidan eta nik bost euroko billetea eman nion. Diru soberakinak plater batean utzi zituen, luxuzko jatetxe bat balitz bezala eta irribarre zabal batekin begiratu ninduen. Uste dut esker onen zain geratu zela.

Horrela, frantziar estatuan egongo bagina bezala, tipo espainiarrak hiru euroren truke saldu zidan kontrabandoko tabako amerikarra. Eta hori dena euskal paraje idiliko baten barruan.

2006/10/13

DoVeR hil da

Modak jarraitzea ia beharrezkoa ez den beldur naiz. Gutxienez Dover taldearen abesti berria entzuteak hori pentsarazi dit. Doinu komertzialenen hautaketa baten emaitza dirudi. Merkatu azterketa sakon baten ondorioa. Entzuten dena ezagutzen dute eta joera berriak bereganatu dituzte. Pop-aren esponja xurgatzaile moduan. Zaharberritu edo hil.

Horrela, bere ibilbide musikalarekin itzulera gabeko haustura gauzatu du taldeak. Jatorrizko oinarri rock-ari () uko eginez ahaztu egin dute bereizgarritzat zutena diruaren truke antzezlan bat egiteko. Eszenatoki gainean eginiko antzezlan faltsua.

Gaztetasuna ordezkatzen duten zenbait baloreek ere prezioa omen dute gaur egun. Salgai dago norberaren funtsa. Eta Doverrek arima saldu dio diskoetxe konpainia bati Let me out abestiarekin. Bilakaerek leku izan arren ez dago artearenganako miresmenagatik lan egiten duen musikari kamaleonikorik. Hortaz, haien musikak zentsurik ez du niretzat. Maite zutena alboratu dutelako
Madonnaren imitatzaile bihurtzeko.

Heldutasunaren sintoma izan liteke. Askotan helduek horrelako gauzak egiten baitituzte, gaztetan borrokatu eta babestutakoa baztertu eta etorkizun oparo baten alde egin. Dirua falta ez den etorkizunaz ari naiz. Erantzukizunez gainezka dagoen bizimoduan gazte baloreak soberan ei daude eta. Horrek aldaketa baldintzatzen du. Helburu bakarrez bizi den sistemaren txotxongilo artikulatu bat izan arte.

Orduan, zaharberritu edo jotake eutsi, hor dago koxka.

2006/10/07

Neure ama hizkuntza

Proiektu barriak hasteko garai aproposa dala emoten dau. Kontaktu baten bidez Gernikako Bagabiz hilabetekariaren erredakzioan sartzea lortu dot. Herriko gaiak hurbiltasunez jarduten dira bertan eta neuri alkarrizketak egiten dituen arduradunetariko bat izatea egokitu jat. Gailurrera heltzeko behetik hasi behar dala eta pozik hartu dot neure eginkizuna.

Halan da be, honegaz batera konturatu naz gabezi nabarmen batzuk izan dodazala neure ikasketetan. Nigaz batera ibili dirazenak be konturatuko ziren, baina eskolan eta institutoan pasatu doguzan urte guztisetan zier, inork ez deusku bizkaieraz idazten erakutsi. Eta penagarrise dala pentsetan dot.

Beti emon izan jako garrantzi larrei euskera batuari eta ez dot esan nahi merezi ez dabenik. Baina Gernika moduko herri batek be badauko mantendu beharreko azpieuskalkise eta ez bakarrik ahozko tradizinoan, baizik eta idatzizen be bai. Horregaittik, neure gaurko salaketa, hizkuntzaren batasuna defendatzen daben bitartean tokian tokiko euskera baztertzen saiatzen dirazan horreri eskainita dau.

Lotsatuta sentitu naz bizkaieraz idatzi ezinik ikusi dodanean neure burue eta bidezkoa ez dala uste dot. Aleginek egiten jarraitzuko dot, eta ia egunen baten bidan moduko hizkuntza bat urtetan jaten bizkaieraz idazten saiatzen nazenean. Bitartien, euskera estandarrera bueltatuko naz, baina neure euskera bizise (berbetan dakiten bakarra) ahaztuten ez dodala.

2006/10/04

Blog jaioberria

Blog berri bat sortzea suertatu zaigu aurtengo ikasturtean. Taldeka egiteko aukera galdu gabe, Matxalen, Ugutz eta nik zineari buruzko orrialde bat sortu dugu. Bertan, zineari buruzko azken berriak jakinaraziko ditugu, estreinaldiak eta kritikak. Gaurtik aurrera bietan ariko naiz, hori bai, besteari garrantzia gehiago emango diot klaseko proiektu bat den heinean eta gutxienez astean hiru aldiz zaharberritzeko konpromisoa hartu dugulako.

Bide batez, Ugutz agurtzeko erabiliko dot post-a, ZORIZONAK UGUTZ! ta urte askotarako! Ia zelako pasadizoak dakarzuzen London city-tik..

2006/09/29

Saturday night

Askotan argazkiak oroitzapenak bere horretan mantentzeko ateratzen dira. Erabaki, enfokatu eta click, edozein irudi kameraren preso izango da. Gero, urteak pasatakoan eta argazkia berrikusterakoan imajina harrapatu zen unea oroituko da. Xehetasunez gogoratuko dira garai urrunok, momentu hartan sentitutakoak eta bizitakoak. Azken finean, argazkiak gizaki oroimenaren laguntzaile fin eta leialak baino ez dira.
Interneta, berriz, argazkiak ez bezala oroitzapen inpertsonalagoak gordetzeko tresna da. Fitxategi amaigabea, informazio mugagabedun burmuin elektronikoa. Edozer arakatzeko balio duen tramankulua. Baina era berean ere garai urrunok xehetasunez gogoratzeko aparailua.
Ustekabez aurkitu nuen, txikitan ikasitako lehen koreografiaren abesti famatua. Oroitzapen asko ekarri dizkit baina viedoclip kutrea ikustean hain zaharra ote naizen galdetzen diot neure buruari. Saturday night modan zegoenean zentsudun izateko edo oroimena izateko adina al neukan?




Arinegi aldatzen dira modak, baina abesti hau garai batean boom-a izan zela ezin daiteke ukatu. Dena den, hau ez da videoclip-aren bertsio erreala. Antza denez, garai hartan ere bazeuden friki bideoafizionatuak.

2006/09/25

Hasiera guztiak: nekez

Goiz jaiki beharrak gutxitan dakar zer edo zer onik. Gaurkoan, urte guztietako gaitza pairatuko dugula iragarri digu iratzargailuak: opor osteko depresioa. Berriz ere errutinan sartu beharra. Izan ere, errutina ez da orain arte gozatu ditugun egun eguzkitsu eta patxadatsu horien lagun. Hori baino gehiago da.
Errutinak, egunerokotasunean murgilduko garela esan nahi du. Lanegunak bata bestearen atzetik etengabe etorriko direla, atsedenik gabe. Ihesbiderik gabeko egutegi ia mugagabe baten preso izango garela. Errutinak ikasle bihurtzen nau. Eta bihurketa horrek beldurtu egiten gaitu. Gu geu izateari uzten baitiogu zeregin baten menpe geratzeko. Izena lanbideagatik ordezkatzen da.
Baina kontu honetan desatseginena telebista iragarkiek itzulera traumatikoa tratatzeko duten era da. Iraileko aldapa eta bestelako terminoak erabiliz uda bukaera apokalipsiarekin konparatzen dute. Beste muturrean ordea, txikitan gorroto nuen El Corte Ingles-eko iragarki nazkagarria gogoratzen dut: “Volver a empezar… otra vez…”. Bi kasuetan gehiegikeriak garaitzen gaitu.

2006/09/21

Summer 2006: Sandown!













Duela hiru hilabete agur esan zigun Britania Handiko Wight irlara habiatzeko. Bertan eman du uda guztia, eta bere begietan ez da damu izpirik ageri. Beldurrez eta ausardiaz aldendu zen, ingelesa ikasi beharrak bultzatuta. Baina esperientziak hizkuntzaren ezagutza baino askoz gehiago eman dio; independentziatik ikasitako heldutasuna eta inoiz ahaztuko ez dituen lagunak.
Lehen astean integratzeko arazoak izan zituen, atzerrian lan egitea ez da zeregin makala. Gauez, hondartzara joaten zen negar egitera eta Euskal Herrira bueltatzea ere pasa zitzaion burutik. Baina ez zuen amore eman eta handik gutxira lagunak egiten hasi zen, hoteleko logelatik alde egin zuen beste batzuekin partekatutako flat bat aukeratuz. Hortik aurrera gauzak aldatu egin ziren. Barbecue, buggy night eta Ramon’s party ditu gogoan orain. Baita ezagututako lagun zoroek eskainitako egun zoroak. Eta nola ez, Baptiste.
Hitz eman diogu guk ere noizbait holako zerbait egingo dugula, jaioterritik urrun, inor ezagutzen ez dugun toki batean. Bitartean souvenir-ak eta postalak biltzen jarraitzen dugu. Horietako bakoitzak bere istorioak ditu atzean, eta era batera edo bestera gu ere protagonista gara, istorioaren hartzaile izan garen heinean. Horrela gogoratzen dut Dubrovnik-eko kaleetan zehar galdu zen lagunaren estualdia, Gioconda koadroari argazkia ateratzen ausartu zen lagunaren lotsagabekeria, ingelesen zikinkeria mugagabeaz hitz egiten duen lagunaren nazka…

2006/09/15

Bitxikeriak

Emakumezkoaren ahotsak nekea eragin ei du gizonezkoaren burmuinean. Hala dio Michael Hunterrek, Sheffield (Britania Handia) unibertsitateko irakasleak. Emakumeen ahots tonuak soinu konplexuagoak ditu, hori dela eta, gizonen burmuineko entzumen eremu guztia hartzen du, gizonen ahotsak soilik eremu subtalamikoa betetzen duen arren emakumeen burmuinean.

Argibide hau eman da maiztasunez errepikatzen diren emakumeen kexuak justifikatzeko asmoz. Izan ere, aurkako sexuaren kontrako kexu nagusietako bat hitz egitean gizonek arreta galdu eta deskonektatu egiten dutela izan da beti. Beraz, arazo fisiologiko bati lotuta dagoela diote. Hori ere barkatu egin behar… baina egia da gure monotemekin elkarri asperrarazten diogula.

2006/09/11

Estokolmoren sindromea?



Natascha Kampusch; jadanik inori arrotz egiten ez zaion izena. Polemika izugarria baita bere inguruan sortu dena. Duela 8 urte bahitu zuten eta denbora guzti horretan zulo baten egon da. Isolatuta, mundutik at. Lotura bakarra komunikabideak izan dituelarik.
Ihesari eman ondoren, sinesgaitza dirudien heldutasun batez egin dio aurre explotazio mediatikoari. Urrezko mina bat bezala ustiatu nahi izan dutenen aurka borrokatuz, norbere interesak babestea lortu du. Berak zehaztu du non, noiz, nola eta zeri buruz hitz egingo duen. Miresgarria den jokamoldea du eta horren bidez azaleratu ditu bahiketak iraun dituen urte guztiak.
Hala ere, badago dena muntaia faltsu bat baino ez dena uste duen eszeptikorik. Psikologo eta adituen aburuz ezinezkoa da Natascha-k duen adoreaz aritzea ustez jasandako guztiaren ondoren. Eztabaidatuak diren arlo guztietan bezala era askotako iritziak daude, egia beti bakarra. Eta egi hori komunikabideetan egiten den irakurketaren eraginez sortzen da. Beste behin ere, informazioa boterea da. Natascha Kampusch-ek bazekien, bakartzeak eskaini dizkion hausnarketa guztien ondorioz ulertu du. Horren arabera, bikaina izan da bere jokabidea. Bizitza guztirako soldata irabazi du elkarrizketa bakar batekin.

2006/09/07

Lekeitioko antzarrak

Euskal Herriko toki guztietan mantentzen dira ohitura zaharrak, horietako askok bere horretan jarraitzen dute, sortu ziren une bereko ezaugarri berberei eusten, inolako aldaketa gabe. Izan ere, oso zaila da ohitura bat aldatzea, belaunaldiz belaunaldi pasatu dira eta gauzak egiteko usadiozko era arruntak dira.

Herri bakoitzak bere tradizioak izan ditu jaiegunak ospatzeko orduan. Horietako bat XVII. mendetik ezagutzen diren Lekeitioko antzarrak dira. Bizirik dauden antzarrak lepotik helduz ahalik eta sail gehienak egitea da helburua. Animalien babes aldeko mugimenduak hazi egin direlarik eta jendeak gero eta kontzientziazio gehiagoz jarduten duela ikusirik jai polemikoak bilakatu dira.

Basakeriatzat hartzen den tradizioa dela ikusirik neurriak hartu nahi izan dira. Horregatik, tradizioa bertan bera utzi gabe bestelako aukerak izan dira gogoan. Aurten, plastikozko antzarrak jarri nahi izan dira (arrazoia hegaztien gripea izan daiteke eta ez animalien sufrimendua ekiditea), baina azkenik jaia hasi baino bi ordu lehenago antzarrak hil dituzte eta hilik zeudela hasiera eman zaio jaiari. Etika puntu bat arte kontutan izanik jardun dute, baina nahikoa al da? Tradizio bat mantendu nahi izatea behar besteko aitzakia al da hilketa ankerrak gauzatzeko? Zezenketa gaitzesten dugun era berean gaitzetsi beharko genituzke antzarrak?

Ohitura honek oinarri emozionala du herrikoentzako, sentimenak arrazoiz haraindi doazela askotan konprobatu ahal izan dugu. Dena den, denborak aldatuz doaz, zientziak giza adimena garatu du eta garapen horri fidela izanez krudeltasunik gabeko bizimoduan sinesten dugula defendatu beharko genuke. Eta defentsa horri eusteko tradizioa hein batean aldatzea beharrezkoa bada, aldatu egiten da. Bestela, oraindik ere eskuekin jango genuke, gure antzinako arbasoen tradizioak jarraitu nahian.

Lekeitio eta ingurukoen zenbait iritzi honako foroan aurki daitezke.

2006/09/03

Garun kortozirkuitoak

Lo gaudela ere garunak ez du atsedenerako astirik. Kontzienteak lo egiten du, baina subkontzienteak lanean jarrai, amets fabrika nekaezin baten legez. Horregatik, noizean behin burmuina greban jarri eta segundo batzuetan bi munduak nahasten ditu eta halako ezegonkortasun deserosoa sortzen pertsonarengan, ez baitu erreala eta irrealaren arteko ezberdintasunik nabaritzen. Hori gertatzean zorabiatu egiten naiz. Ametsean bizi izandakoa benetan gertatu dela sentitzen baitut eta ezin dut ulertu. Medikuak dio tentsio baxua dudalako gertatzen zaidala, baina kostatu egiten zait horren sinplea denik sinestea.

2006/08/31

Iluntasunean

Eta eguzkiak egun baten berriz ez agertzea erabakiko balu?
Argia goriaren babesaz umezurtz utziko bagintu?
Bere distira guztia askatuz betirako agur esatea ebatziko balu?


Powered by Castpost

Larregi falta da horretarako, ez ordea udari amaiera emateko. Eguzkiaren indarra murrizten doa eta nabaritzen da. Egun lainotsuak ugaritzen doaz eta lehen hotzikarak hasi dira. Gehienbat, gizakiongan antzematen da aldaketa.
Argitasun naturalak helarazten digun energia zuzenean islatzen da gugan. Eragina du gugan, handia gainera. Bizipoza oparitzen digu eta ia eskertu ere ez dugu egiten. Ilargiaren argi eza nahiago ditugu askotan. Gauari diogun fideltasunez ustiatzen dugu.
Baina inoiz ez dugu eguzkiaren onuretan erreparatu. Eta Finlandiako suizidio kopuru altua esanguratsua da honetan. Neguan eguneko 4 ordu egunez, beste 20 gauez. Depresiorako joera dute bertako biztanleek, ulergarria.
Euskal Herrian ere ekiren boterea ahultzen doa eta horrekin batera uda bukaera heltzear dagoen susmoa hazten. Nola ez, aurre egiteko kapaz izango gara. Beti ere hurrengo uda noiz heltzeko zain, iluntasunean amesten.

2006/08/27

Un Long Dimanche De Fiancailles II

--- Si no puedes llorar habla, y si no puedes hablar calla, pero en fin, a veces empezamos a hablar y nos ponemos a llorar y al llorar decimos lo que no hemos dicho al hablar, no se si me entiendes, si no sigue así, con esa cara de boba. ---

2006/08/25

Errare humanum est

Zerk bultzatzen gaitu erabaki bat edo beste hartzera?
Bihozkadek gidaturiko kontzientziak jada aspaldikoak dira. Gizaki zuhur eta zentsudun bilakatu gara, ezinbesteko zaigu etorkizuna gogoan izatea hanka-sartzeak ekiditeko. Zenbait animaliek hibernatzeko behar besteko janari biltzen duten era berean, guk ere geroan pentsatzen ikasi dugu. Eta geroari diogun begirunez blai neurtzen ditugu gure pausuak.

Hala ere, batzutan ezinezkoa zaigu ez huts egitea. Gaizki jokatzearen ondorioz neurketek eskutik ihes egiten dute eta hankaz gora gelditzen da gure mundua. Aukera posible guztiak ez ikertzearen eraginez. Edota sinpleki erabaki bat hartzerakoan erratzearen eraginez. Gizaki zuhur eta zentsudun bilakatu gara, baina huts egitearen ondorioz beti egongo gara noraezean ibiltzera kondenatuta. Orduan salbamen bakarra barkamen zintzoa baina ez da izango, gure buru edo mindutako pertsonarenganako barkamen zintzoa.

2006/08/19

Gernikako Galtzontzilo lasterketa

Herriko jaiak bukatu dira, eskerrak. Korsakov-en sindromea pairatzeko beldurrez nengoen jadanik, alkoholak eragindako oroimen arazoak direla eta. Aurtongoak arraro samarrak izan direla aipatu beharra dago, baina gauza guztien artean zerbait egon da arrotz egin ez dena: San Roketxu eguneko galtzontzilo lasterketa.

Urtero bezala goizaldeko lauretan Merkurio iturriaren inguruan biltzen den mozkor koadrilaz ari naiz. Exhibizionista edo kirolari izenez, ez dakit nola bataiatuko nituzke. Gauza da mozorroa kenduta galtzontziloetan egiten dutela lasterketa. Tradizioa edo nabarmenkeria, ez dakit zein hitzez deskribatuko nuke.

Baina nire asmoa ez da horren kritika egitea. Baizik eta emakumeen parte “ez” hartzeari buruz. Izan ere lasterketa ikusi dudan urte guztietan ez dut emakume korrikalaririk ikusi eta zergatian pentsatu dudanean soilik arrazoi bat bururatu zait: Kuleroetan dabilen emakume batek sortuko lukeen aztoramendu izugarria odolean neurriz kanpoko alkohol kopurua duten gizonen artean. Beraz, arrazoi fisiologiko ala soziologikoa da?

Feminismoan oinarritutako idatzia dela esango lukeenari onartu egingo nioke, egia delako. Baina ez jende ugarik feminismoari buruz duen ideia okerra bezala. Matxismoarekin alderatuz, feminismoa emakumeen diskriminazioaren kontrako mugimendu soziokulturala da eta orokorrean edozein genero diskriminazioren kontrakoa. Beraz, generoen arteko berdintasuna defendatzen duen doktrina da.

Eta baliteke gizonezko batek hau irakurtzean haien kontrako bidegabeko ibilbidea hartu dudala pentsatzea, baina ez da hori nire asmoa. Nabarmendu nahi dut, matxismoaren antonimo bezala henbrismoa dugula eta ez feminismoa, hori baino ez.

Argazkiaren kalitatea ez da oso ona, baina korrikalarietako bat ezberdindu daiteke. Espero dut argazki bat atera izanak nire kontrako kritika egiteko aitzakia ez izatea, kazetari bezala ateratako argazkia izan da, benetan.

2006/08/06

Amantea

Beharbada gehiegitan gidatzen gaituzte aurreiritziek.

Liburu bat esku artean hartu, idazlearen irudia ikusi eta ezaguna izan. David F.Cantero, Espainiar telebista publikoko aurkezlea izanikoa. Serioa eta ikaragaitza. Behintzat hori zen hartaz nuen irudia. Bere lehen nobela irakurri arte. Amantea.

Beste edozein liburu bezalakoa izan zitekeen. Hitzez jositakoa, istorio bat kontatzen duten horietakoa, edonolakoa. Baina idazlearen pentsamendu sakonek eta hauek adierazteko erabiltzen duen magia ezin hobeak liluratu naute.

Emaztearen gabeziak gizon bati sorrarazten dion agonia deskribatzen saiatzen da liburu osoan zehar. Maitearen hutsak sorrarazten duen sentimendu deskribaezina, azalezina, jasanezina. Paulo Coelhok El Zahir nobelan egiten duen bilaketaren saiakera mistikoa barregarri uzten du. Era humano batean adierazten du gabezi hori Canterok, zalantzez itota bizi den pertsonaiari bizi literario bat emanez. Paper artean jarraitu dudan bizitza existentziala.

Osorik irakurtzeak merezi duela esango nuke propaganda zalea izango banintz, baina egile-eskubideak urratuz pasarte bat uzten dut hemen. Bizitzaren bidegurutze orotan zergatiez galdezka dabiltzan horiei eskainia:


En nuestra distancia dormida
"De tanto mentirlas, las mentiras se tornan verdades. Terminan formando parte de nuestra realidad, engañándonos. Son nuestro entorno, nuestro mas intimo disfraz, mas ciertas que todas las certezas. Las vamos incorporando a nuestra vida en voz baja, y quedamente nos hablan, de cuando en cuando, recordándonos toda la falsedad que sustenta nuestra leyenda personal. Pero, al fin, eso son las novelas y los días: ficciones.
Fingimos amor, fingimos dolor y angustia, fingimos compasión, pero sobre todo fingimos cuando mentimos ser felices. En ocasiones nos invade una eufórica alegría, un optimismo que raya en lo ridículo, nos regocijamos en pequeños placeres y satisfacciones inconsistentes que, a su vez, también nos miente.
Es fácil estar triste, ser triste, dejar que la tristeza nos invada, que la agridulce melancolía llene unas horas, nos sacie; pero que difícil es forzar la alegría, que difícil sentirla verdadera, poderosa, invulnerable.
Nacemos del dolor, nuestra vida es dolor, jamás dejamos de sentirlo, y si llegamos a liberarnos por un instante de su lacra, en nuestro alborozo, su ausencia nos pasa inadvertida. La alegría se colma en si misma, devorándose, y nos deja súbitamente hambrientos de ese gozo. Apenas somos capaces de recordar un instante feliz y cuando lo hacemos, nos asalta la duda de si ese recuerdo será cierto. Cada día de efímera felicidad tiene en su contra meses o años de lento e introvertido padecimiento. Tenemos la facultad de soportar el dolor hasta límites casi insospechados, pero no la potestad de desterrarlo en el júbilo.
Que nadie se llame a engaño: la vida es fastidiosamente triste y aburrida. Los animales no lo saben ni lo sienten como nosotros, solo aceptan con extraordinaria naturalidad cualquier hastío, cualquier agrado. Sin grandes penas ni alborozos, pasan la vida holgazaneando despreocupados ante la tristeza y el aburrimiento, sin casi inmunes a ellos. En cambio, los seres humanos, abrumados por el escaso tiempo que nos queda, por la ignota fecha de caducidad de la existencia, nos conocemos el verdadero sosiego. Pretendemos disimularlo, pero en el fondo de nosotros, en lo más profundo, guardamos ese convencimiento. Lo sabemos, tarde o temprano ¡hemos de morir! En el mejor de los casos, aprendemos a vivir así, siempre acompañados por un leve sufrimiento, por una aprensión indefinida. Jamás nos abandona la posibilidad, el mal agüero, el presentimiento de que el próximo minuto podría hacerse muy pesado, dolorosamente pesado e insoportable.
Estar vivos en algo nos es ajeno, aunque seamos incapaces de aceptar la muerte. La vida nos habita invisible, nos invade licuada en sangre, pero vivir jamás nos colma. Al menos no hasta que somos viejos o nos sentimos incapaces, o sufrimos por encima y mas allá de las demarcaciones del malestar y la desesperación. Sabemos que la existencia es finita y esa idea nos resulta insoportable.
La vida, como un leviatán adormecido, como una bestia que dormita planeando devorarnos. Su ausencia es nuestra inseparable tragedia, el origen de todos nuestros miedos, mezquindades y defectos, el temor que condiciona cada minuto de duración de nuestra existencia…”

2006/08/04

Stroop efektua

Itxuraz Coca-cola freskagarriaren iragarki bat baino ez da, baina… ongi irakurri al duzu? Begi-bistara markaren izena ikusi duzunaren ustea izango duzu eta ez zinen jabetuko trukatuta dagoenaz, STROOP efektuaren eraginez. Horrela deritzo irakurketa automatikoak eragiten duen interferentzia semantikoari. Jartzen duena dakigula uste dugu eta ez dugu arreta gehiagorik jartzen. Beti bezala azalekoa ikusteko ohitura erakusten dugu, azterketa sakonak ukatuz.

2006/07/28

Diogenes X 2 - pisu1

-Higuina ematen didate ikusten ditudan guztietan. Noiz hil behar dira bi agure hauek? Jainkoak eraman ditzala behingoz eta xaboiaz garbi ditzala haien bekatu guztiak!- "Zure ahoa garbitu beharko luke lehenik eta behin" pentsatzen dut bitartean...

Auzokidea berriz ere kexu da. Oraingoan salaketa ere jarri du. Bigarren solairuan bizi diren bi anai zaharrek ez diote lorik egiten uz
ten antza denez. Harrigarria benetan, bera bosgarren pisuan bizi delako eta ni hirugarrenean, eta inoiz txintik ere entzun ez dudalako. Baina hori kexuetariko bat baino ez da, asko du aurpegiratzeko eta.
Zahartzaroa derrigorrez zaila izan behar dela uste izan dut beti eta are gehiago bakarrik zahartu beharra. Hori gertatu zaie agure biei. Bizikleta zaharrak hartuta egun guztia ematen dute etxetik kanpo, bitartean tarte bat egin eta herriko zakarrontzietatik zehar egiten dute osteratxoa zer edo zer topatu nahian. Badakit ez dela bizimodu arrunta, zahartzaroak ez duela honelako jokamolderik inplikatzen, baina osasuntsu eta pozik bizi direla dirudi eta ez al da hori garrantzitsuena?
Etxebizitza, lokal eta diru asko dutela esaten dute mihi gaiztoek. Lokal horietako bat ezagutzen dut nik, behintzat non dagoen badakit. Gaztea nintzenean lagunekin hurbiltzen ginen bertara eta leihoetan ibiltzen ginen ikusmiran. Barre egiten genuen, emakume biluzien horma-irudiez beterik baitzegoen lokala. Gaur egun telebista digitala lortu dute agure gordinek, antena balkoian zintzilik dutelako dakit. Aurrerapen puntu minimo bat haien bizitza miserablerako.

Diogenes de Sinope filosofoak eramandako bizitza doiaren eraginez bataiatu zuten hauen gaitza 1975.urtean. Aipatutako filosofoa Platonen garaikidea izan zen eta honela mintzo zen Diogenesetaz << Zoraturiko Sokrates bat>>. Soilik ezinbesteko ondasunak onartzen zituen eta beste guztiaz desegin egiten zen. Dirua ukatuz bizimodu guztiz umila eraman zuen, borondatezko ukoa eginez edonolako erosotasunari.
Gaur egun
diogenesen sindromea pairatzen duten kaltetuak bakarrik bizi diren adineko jendea izan ohi da. Sozialki isolatzea, etxean giltzaperatzea eta garbitasun eza dira sintoma nagusiak. Gaitz hau jasaten dutenek zabor kopuru ikaragarriak pilatzen dituzte etxean eta askotan haiek jakin gabe diru metaketa izugarriak ere.

Eta nire logelako garbiketa lanetan ari naizela nik ere Diogenesen gaitza pairatzen dudan galdetzen diot nire buruari. Izan ere niri idoloen txikle murtxikatuak ere maitasunez gordetzeko gai izango nintzateke. Nondik datorkigu objektuekiko atxikipen hori? Oharkabeko fetitxismoan oinarrituta bizi ahal gara?

2006/07/16

Sexua ala ez?

Duela gutxiko zenbait ikerketek frogatu duten arabera, haurrei ezinezko zaie botila barruan ageri den bikotea identifikatzea, ez baitute adimena eskenatoki horretara ohituta. Alderantziz, haurrek bederatzi izurde ikusten dituzte argitasun osoz. Helduen adimenaren inozentzia kutsatuta dago eta kasu horretan jarduera zailena izurdeak ikustearena bilakatzen da.

2006/07/12

Bada esnatzeko garaia!

Lehen ez bezala, aspertu egiten naiz lehengusu txikiekin. Haurtzaroko jolasek gure memorian gordetzen zuten txokoa ahaztean heldutasuna ezagutu dugula esan daiteke. Melankoliaz eta tristeziaz gogoratuko ditugula lagunartean geundela parkean igarotako ordu amaigabe haiek. Ezjakintasunetik esnatzearen ondorio latzak.
Nork botatzen ditu faltan pilota soil batek zoriontsu egiten gintuen garai urrunok? Ez du inork eskua altxatu, d
enok isilik eta pentsakor geratu dira, ordea. Gure ezagupena eta munduarekiko perspektiba mugatuak zeuden garaiak…
Zeinen alaiak haiek!
Soineko arrosa txokolatez zikinduta eramatea modan zegoenean eta irribarreak lapurtzea edonoren esku uzten genuenean. Txanpon bat galtzeak unibertsoaren bukaera suposatzen zuen, era berean topatzeak Amerikaren aurkikuntzarekin konpara zitekeen.
Atzera begiratuz eta oroitzapen izpi txikiak batzean, metro erdi neurtzen genueneko film gogokoak gogoratzen dira. Hamar urte beranduago, zergatik irudi berberek ez dute esanahi berdina guretzat? Zerk aldarazi du itsaslamia? Eta Lehoi erregea? Gu aldatu ote gara? Izan liteke… ez?
Egun batean bizitzak aske uzten gaitu begiak txaplastako batez irekiz. Aurrean daukaguna ezagutu, aztertu eta baloratuko dugu ordutik aurrera, bizitzak eskaini dezakeen guztia, alegia. Erabat nahasturik, beharbada, garai urrun haietara itzuliko gara begiak kolpera itxiz, ikusi duguna ulertu ezinik. Egiten ausartzen ez garena besteen esku utziko dugu, koldartasunak, haurren inozentziaren erakusgarri gisa, itotzen gaituen bitartean. Ez gara berriz esnatuko, amaren magalean bezala gozo-gozo eta babesturik sentituko garelako iraganean ainguratuta.
Munduari, faltsukeriari eta hipokresiari lepoa emanda egongo gara. Burua jaitsiko dugu eta gure erantzukizunari uko egingo diogu. Lotsaturik, begirada konprometigarriak ekidingo ditugu eta gure existentziaren lekukorik ez egotea amestuko dugu, hautsezko fits ikustezin baten legez.

2006/07/04

Txikikeriak, beste barik

Milaka txikikeri gertatzen dira segundo oro, edonon. Eta txikikeria horiek izaten dira gertakizun potoloen eragile. Txikikerien bateratzea sortzean txikikeria izateari uzten diete, beste zerbait bilakatzeko. Txikikeria ez dena, garrantzitsuago, handiago, gogorrago. Txikikeria han, txikikeria hemen. Txikikeria edonon. Eta esaldi hutsal hauen zentzua harrapatzea txikikeria baino ez litzateke batzuentzat, beste batzuentzat txikikerien batasuna izango litzatekeen bitartean. Horregatik, interesgarria litzateke txikikeria zer den definitzea, baina ez luke mereziko, txikikerietan galduko ginateke eta.

2006/06/28

Bizitza-tankera amerikarra



Estatu Batuar gazteen artean ez da harritzekoa mapa baten aurrean Australia eta Errusiaren kokapenak nahastea. Ez zaie txarrera hartu behar, askotan Estatu Batuen kokapenari buruzko dudak izaten baitituzte eta. Geografiak ezer gutxi axola du bertan. Amerikarrak (eta amerikarra esatean A.E.B.-ko herritarra esan nahi dut) espazio absolutu baten barruan daude eta ez dute bestelako herrialdeen berri izateko beharrik.

Telebista, irrati eta egunkariek horren probak ematen dituzte egunero. Zerbait oso garrantzitsua gertatzen ez bada edota berri horietan amerikar kapitala, herritarrak edo tropak tartekatzen ez badira teleberriak oso etxekotuta daude. Ez dago inon bere gertakarietan hain barneliluratuta bizi den herrialderik.

Estatu Batuetan, edozein tokitan bezala hezkuntza sistema edo judizialari buruz eztabaidatu denean, inoiz ez zaie burutik pasatu ere egin beste herrialde bat jartzea adibide bezala, nahiz eta ezarritako sistema oso arrakastatsua izan. Europak egiten dizkion mirespenekin alderatuz, Estatu Batuentzat, Europa atzean utzi beharreko iragana baino ez da. Kriminalitateari buruz jarduten dutenean esaterako, adituek beste herrialde batzuetako tasa baxuak aipatzen dituzte. Baina soilik estatuaren arazo larria azpimarratzeko, eta inoiz ez beste herrialde batzuetako sistema arrakastatsuak jarraitzeko asmoarekin. Badirudi sistema amerikarrak ez duela ezer ikasteko kanpotik, eta gutxienez bigarren mailako estatuetatik.

Estatu Batuen eragina benetako Eliza baten modukoa da dagoeneko. Europarrak jadanik etorkizuna amerikar hauen islaren arabera eraikitzen ari dira eta ez proiektu bereiz bat bezala. Detaile txikiena ere horren erakusgai da. Adibidez Europar Batasuneko banderaren diseinuan izarrak ageri dira Estatu Batuetako banderan bezala. Esfortzurik gabe eta inolako planteamendu gabe kolonizazio handiena hasi da martxan jartzen. Familiek Kellog’s zerealak hartzen dituzte gosaltzeko eta Oscar Meyers afaltzen dute, bitartean goizetik gauera, medioen talkak, eztabaida etiko eta osasunekoak, finantza aginduak, software programak, idolatria eta merkantzia amerikarrak jasotzen dituzte. Europako hiltzaileek ere Mc Donald’s jatetxeetan gauzatzen dituzte hilketak.

Futbol Mundiala Estatu Batuetan jokatu zen 1994an, futbola ere amerikarren artean hedatzeko. Emaitza, futbola amerikanizatzea izan zen, lehenago pizza, hanburgesa, croissant eta jatetxe txinoekin egin zuten era berean. Izan ere, jolas arauak aldatu zituzten beraien gustura. Zertarako ikasi mundu guztiak errespetatzen dituen arauak? Baliteke denborarekin mundu guztiak jokatzea beraiek bezala. Amerikar burujabetasunaren beste erakusle bat baino ez da.

Ez dute bere mugetatik haratago ezer interesgarrik ikusten. Soilik %2a egon da noizbait Europan eta ez bidaiatzea atsegin ez dutelako. %20a etxez aldatzen baita urtero Estatu Batuetan. Etorkizuneko atzerritarra etxe barruan dutela ikusten dute, kanpoko atzerritara geroz eta gehiago baita amerikar emaitza.

Ia definiezina da amerikar hitza, zenbat belaunaldi dira beharrezkoak atzerritar bat amerikar izateko? Izan ere, bertan denak dira amerikar eta atzerritar era berean. Mundu guztiaren konbinazio antzeko bat izango litzateke, mundu berri baten konbinazio mitikoa eratzeko asmoz. Barruan duen xurgatze ahalmena kanpoan duen erakargarritasun boterearen antzekoa dela esan daiteke.

Amerikarrak edozeren gainetik harro daude bere nazioaz eta oso abertzaleak dira. Haizearen eraginez mugitzen diren banderak nonahi ageri dira. Prakak, kamisetak, mikrouhinak, pastelak eta milaka gauza aurki daitezke estatuaren koloreekin. Amerikarrak era berean dira amerikar eta Amerikako turista.

Vicente Verdu-ren, El Planeta americano
saiakera liburuko lehen pasartetik egindako laburpenaren itzulpena

2006/06/24

Itxuraren eraginez itsututa

2348. urtean kirurgia plastikoak gailurra jo du. Teknologia berriek itxuraz guztiz aldatzeko makinaren jaiotza ahalbidetu dute. Norbere identitate fisikoaren galerak Brad Pitt eta Angelina Jolie-ren milaka fotokopia sortu ditu. Diruduna eta itsusia izatea ezinezkoa da. Urteak aurrera joan ahala kostuak merketu eta itxura eraldatzen duen jendearen kopurua igo egiten da. Hain handia da igoera, non aberats ederrek txiroen itsusitasunaz errukituta ebakuntza egiteko ONG-ak sortzen dituzte. Azkenik, derrigorrezkoa bilakatzen den aldaketa da, “ederrek”, beldurra sentitzen baitute ebakuntza egin nahi ez dutenen aurrean, arazo psikologikoak egozten dizkiete eta. Edertasun prototipo bakarra eta orokorrean giza irudiaren prototipo bakarra sortzen da orduan, eta bereizketa bakarra gizon eta emakumeen artekoa da.

Zentzugabea dirudien gertaera hipotetiko hau giza gainazaletasunaren erakusle da, baina egia bihurtuz gero, ez litzateke izango gainazaletasunarekin bukatzeko lehen urratsa? Izan ere, modan dagoen prototipoaren araberako itxura izanik gizaki guztiena, ez litzateke bereizketarik egingo. Pertsonen definizioa egiterakoan eder eta itsusi hitzen desage
rpena ekarriko luke. Berdintasun fisikoan oinarritutako gizarte horretan benetako maitasunak gailenduko luke. Jada norbaiten itxuraz maitemintzeak zentsurik izango ez lukeelako. Barrutik hasten den eta kanpoan islatzen den maitasuna izango litzateke edertasunaren erakusle bakarra. Maitasun purua eta sakona izan beharrekoa. Itxura aldatzeak ahaztuz, agian hori baino ez da gizakiok benetan behar duguna. Dirudiguna baino gehiago baikara.

Beldurtu egiten nau itxurari ematen zaion garrantziak. Beldurtu egiten nau hamalau urteko nerabea anorexiaz ospitaleratuta dagoela pentsatzeak.

2006/06/20

Un Long Dimanche De Fiancailles

Beldurti bilakatu ziren, gerra hasi baino lehen ez ziren horrelakoak, Manech-ek ekaitz eta itsasoen bortiztasuna desafiatzen zituen. Beraiena ez zen kausa batengatik borrokatzen ari ziren.

Lubakietan telefonoaren haria zen munduarekin zuten lotura bakarra. Manech-ek bazekien ordea, hari horrek bere maitearengana heltzeko laguntza eskaintzen ez bazion axola ez zuela. Izan ere, bere burua urkatzeko emango zion erabilera. Kideek, lana aurreratzen zuten, horrela, hilketak gertatu baino lehen zulatzen zituzten hilobi funtzioa zuten zuloak, axolagabetasunezko palakadekin. Gerraren krudeltasunak adierazkortasun eza baino ez zuen garatzen batzuengan.

Airean eraikitako gazteluek ez zuten inolako baliorik bertan. Horregatik, apropos mutilatzen zuten bere burua, askatasunaren bidea errazten zuen indultua baitzen. Baina hori izaten zen hain zuzen ere hiltzeko arrazoia. Borondatezko mutilazioa heriotza zigorrarekin ordaintzen zen.



Powered by Castpost

2006/06/18

14mirariak

Giza adimenaren indarrak milaka tona harri mugitu zituen Gizeh-ko piramideak eraikitzeko. Ekintza gogoangarria dudarik gabe. Zazpi mirarietako bat bezala hartu da haintzakotzat beti eta horrela izaten jarraituko du.

Orain ordea, badirudi ez direla zazpi izango mirariak, hamalau baizik. Beste era batera esateko, zazpi mirari berri definituko dira. Bernard Weber suitzarraren ekimen honetan, New seven wonders deiturikoa, mundu guztiko herritarren artean egindako bozketa baten bidez hautatuko dira mirariak. Jartzen den baldintza bakarra eraikinak 2000. urtea baino lehen eraikitakoak izatea da. Ariketa errazteko asmoz, hogeitabat bakarrik dira hautagaiak eta 2007ko uztailaren 7rarte egongo da irekita bozkatzeko epea.

Asko dira mirarie buruz egindako sailkapenak baina erlatiboegiak direla esango nuke. Hemen, bestelako bat agertzen da. Bereziki kandidaturen bat hautatuko zenuke?

2006/06/05

Liburuaren egunerokoa

Gerta daiteke liburu bat idatzita ez dagoen istorioa baten parte izatea, alegia, liburua izatea istorioaren protagonista bat. Antzeko zerbait gertatu zaio nire eskuetara heldu den liburu bati.

Errazena lagun batek oparitu didala esatea izango litzateke eta denok pozik. Baina egia ez denean ezin gezurrik esan. Ezin gertatutakoa ezkutatu eta ezin istorioa eraldatu.

Pasa den astean gertatu zen, lagun bat etorri zitzaidan guztiz asaldaturik. Bere etxeko atarian nolabait esateko erosketetako karro bat zegoela esanez eta orduak zeramatzala bertan ahaztuta. Nola ez, jakin-minak bultzaturik ireki egin zuela kontatu zidan, eta hara! Liburu, Cd eta Dvd-ak zeuden barruan. Barruko deabrua ezin isilaraziz liburu bat hartu zuen. “Circulo de lectores”. Bera ez da irakurlea, baina bere peripezia kontatzen ari zela nik nahiko irakurtzen dudala ohartu zen. Horrela, berriz ere etxeko atarira joan zen liburu gehiagoren bila. Zer esango nion nik, ba? Gaizki egiten ari zela? Beharbada, baina ez naiz inoren kontzientzia. Hiru liburu gehiago ekarri zituen, berak irakurriko ez zituenak. Oparitu zizkidanak.

Era honetan aldatu zen liburu horien patua, hori da “Circulo de lectores”-eko kontsumitzaileen haserrearen arrazoia, eta inoiz ez dute jakingo nik ditudala beraiek ordainduriko liburuak eta nire lagunak aldatu duela liburu horien etorkizuna.

Beranduago, jakin dut laguna etxera itzuli zenean amarekin hizketan ari eta honek ere zerbait lapurtu zuela bertatik. Azkenean karroa hustu eta etxe aurreko kontenedorera bota zuten. Beraz ez dago inongo probarik. Nire testigantza baino ez. (Hala bazan hala ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Gernikako plazan.)

Eta nola sinistu niri? Agian nire subkontzienteak asmatutakoa baita kontatutakoa, errealitateak forma narrazioa hartzen baitu eta askotan transformazio ugari jasan ere. Gutxienez hori da liburu horietako baten lehen orrialdeko aipuak dioena eta egia dela uste dut:
  • Lo que todos nosotros (o lo que al menos yo) atribuimos confiadamente a la memoria – entendiendo por ellos una escena, un echo tratado con fijador y por tanto rescatado del olvido – es en realidad una forma de narración que se desarrolla sin cesar en la mente y que a menudo se transforma al ser contada. Son demasiados los intereses emocionales que entran en conflicto para que la vida llegue a ser nunca plenamente aceptable, y tal vez sea labor del narrador elaborar las cosas de tal modo que se ajusten a este fin. En todo caso, cuando habamos del pasado mentimos cada vez que respiramos.

William Maxwell, Adios, hasta mañana

2006/05/30

Hola

Nabarmena da Hola aldizkari arrosak argitaratzen dituen erreportaje nagusiak. Esklusiba millonarioak izan ohi dira gehienetan eta hauetan, pertsonaia famatuek bere bizitzaren zati bat erakusgai jartzen digute, guretzat eskuragarri ez dena erakusgai jartzen dute. Klase ertain edo xumeko gizakiek gogoko du famatuak nola bizi diren ikustea, nola gastatzen duten bere dirua, zer nolako luxuez goza dezaketen. Inoiz izango ez dutenaz besteak zein pozik bizi diren ikustea gogoko dute. Famatuen intimitatea ezagutzeak morboa ematen duela dirudi, haien etxeak nolakoak diren jakiteak bertan gonbidatu bezala egongo bazina bezalakoa da. Diruak zoriontasuna erosten duela uste dute askok, mundu kapitalista honen adibide bat baino ez dugu hau. Hola aldizkariak adibide hau eta bizi dugun gizarte ordena eta moduaz beste asko eman ditzake. Horregatik uste dut historia liburu bezala erabili ahal izango dela urte batzuk barru, garai honetako pentsamendu edo bizi joera nagusien azterketa egiteko aldizkari egokiena baita.
Giza dominazioa lortzen da Hola bezalako hedabideen kontsumoaren ondoren. Bertan agertzen diren pertsonaiak legitimatuta daude. Famatuak, onak, ederrak eta aberatsak dira. Soilik adjektibo positiboez deskriba daitekeen gizarte mota baten isla dira. Ohitura dela eta, gauza arbitrarioak normaltzat jotzen ditugu eta ez gara ohartzen horrela dena beste era batera ere izan daitekeela ikuspuntuaren arabera. Dena da oso erlatiboa. Adibidez erregetza legitimatuta dago, horregatik asko eta askok ez dute gaizki ikusten, kolektiboki onartutako instituzioa da, eta Hola bezalako aldizkariek asko laguntzen dute onarpen sozial horretan. Edozeinen balore positiboak ikustarazteko gai dira bertako kazetariak.

2006/05/14

All over the world


Une batez, pentsa ezazu edo irudika ezazu zure burua goiz arrunt baten, ohetik jaiki eta goragalea sentitzen duzun goiz arrunt baten. Zorabioak begiak estaltzen dizkizu eta lurrera erortzen zara oreka mantendu ezinik. Egun berean bigarren aldiz esnatzen zara, baina toki ezezagun baten, mediku usaina sumatzen duzu… ospitalean zaude! Erizainak zure ingurutik dabiltza, gora eta behera, etengabe mugimenduan. Milaka proba egin dizkizutela dakizu eta gogorrena oraindik heltzear dagoela ulertzen duzu. Sendagilea hurbildu eta zure ondoan esertzen da, ez dizu aurpegira begiratzen, ez da gai. Minbizia duzula esaten dizu, gazteegia zarela eta zure zelulek gainditu ezinezko gaitza dela. “Zenbat?” galdetzen diozu, “Bi hilabete” erantzungo dizu zure sendotasunaz hunkiturik.
Ezegonak pentsatzeko tarte txiki bat uzten dizu eta egin nahi zenituzkeen gauza guztien artean ez zaizu beste ezer bururatzen: MUNDUA EZAGATU NAHI DUT.
Ez dakit zilegi ote litzatekeen maiz errepikatu den gertakaria dela esatea, baina egia da ametsen munduan buruak testuinguru ezegonkorra duela. Hainbatetan irudiz soilik ikusitako paradisuek topa egiten dute inkontzientean eta ametsen bidez azaleratzen dira. Horrela bizi dugu egunerokotasuna, gauez agian inoiz ezagutuko ez ditugun tokiak miresten eta egunez errutinan murgildurik itxaropen izpiak gorde nahian eta ezin. Gizakiak beharrezkoa du bidaiatzea, alde batetik bestera mugitzea, antzinako arbasoen antzera nomadak gara ezinbestean. Eta behar hori asetzean sortzen den lasaitasun espirituala maite dugu. Dena ezagutuz gero, txoko ezkutuenak gorde ditzakeen sekretu handienak dakizkigula aitor dezakegunean soilik biziko gara lasai. Bitartean, dena arrotz eta ilun izango da guretzat. Horregatik izan ohi da gure azken eskarietako bat, urruneko irudiek piztutako jakinminaren erakusle da mundua ezagutzeko nahia.

2006/05/03

Barkamenak leku badu, ahanzturak ez


Aste bete igaro da Gernikako bonbardaketaren 69. urteurren egunetik. 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Armadako hegazkinek Gernika suntsitu zuten, odol hotzez, 1.645 laguni bizitza ukatuz. Urte asko igaro dira ordutik, baina joandakoak beti izango dira gogoan, herriaren historiaren parte dira ezinbestean.
Aurtengoan omenaldi berezia egin dute, orain arte lehenago egin ez dutena, munduan zehar gertatutako hedatzeaz arduratu zen kazetariari hain zuzen ere. George L. Steer. Asko da zor dioguna eta ezer gutxi hari buruz jakin duguna orain arte.
Bilbo ingurutik lanean zebilela bonbardaketaren berri izan eta Gernikara abiatu zen beste kazetari batzuekin batera. Hurrengo egunean hura izan zen Gernikara itzuli zen kazetari bakarra. Apirilaren 28an eman zuen jazotakoaren berri Times egunkarian. Ordura arte, Franko dikatorearen bertsio ofiziala soilik ezagutzen zen: Gernika “gorri separatistek” suntsitu zutela zioen. Beranduago Gernikako arbola izeneko liburua ere argitaratu zuen. Birmaniako borroken berri ematen ari zela hil zen, auto istripuan, 35 urte besterik ez zituela. Gazteegi.
Gezurraren aurrean gogor borrokatu izana zor diogu, kontran zituenen aurrean ez kikiltzea zor diogu. Egiak irabaz dezakeela erakutsi digulako, usteldutako berriei kiratsa darielako. Giza ankerkeriaren berri ematea beste edozeren gainetik ipini zuelako. Horregatik guztiagatik bere adore eta ausardia txalotuak izan ziren iragan astean.
Haren semeak honela esan zuen omenaldian: “Aitak gudarien eta euskal herritarren sakrifizio, gizatasun, adore eta diziplinaren berri eman zuen, euren herria iraunarazteko egin zuten ahaleginaren berri.” Miresmena elkarrekikoa dela dirudi. Orain denok dakigu nor izan zen gizon hura, ez da ustekabean elkarrizketa batean entzundako edonolako izen ingeles horietako bat izango berriz ere. Barrenkale Barrena kalean plaka-eskultura bat jarri diote, oroigarri arrunt bat berez ahaztezina den gizonarentzat. Bere aurpegiaren imajina bat baino ez da, baina jada bere arimaren zati bat hemen zuela esatera arriskatuko nintzateke.
George L. Steer ere Gernikaren oroimenean egongo da betiko, 1937ko apirilaren 27a bizi ez zuten 1.645 zendutakoak bezala, eskerrik asko.

2006/04/24

Arrakasta eta kritika

Ospea ez da Dan Brown El codigo Da Vinci Best Seller-aren idazleak irabazitako bakarra. Literatura, historia eta fedea elkartzea polemikoegia dela ulertuko zuen dagoeneko. Izan ere, epaileak absolbitu duen arren, auzitegietatik bisitatxoa egin du plagioaz salatu dutelako. Salatzailearen esanetan Brown-ek El enigma Sagrado liburutik lortu zituen ideiak bere eleberri arrakastatsua gauzatzeko. Ideiak ez ezik aipamen eta fikzio barruan sartzen ez diren elementuak lapurtzea egotzi diote.
Maria Magdalena emagaldua izatetik kristauen jainkoaren emaztea izatera igaro da liburu hau dela eta. Gutxienez giza pentsamoldea telebistaren eraginpean soilik aldatzen ez dela erakusten digu honek. Eta baliteke baietz, gai hau plazaratzen ausartu zen lehena El enigma Sagrado liburuaren autorea izatea, baina honek dagoeneko ez du axola, orain dela bi mila urte bizi zen gizon baten affair sexualak axola ez duten era berean. Pandoraren kutxa irekita dagoelarik nork oztopa dezake edozein autorek askatasun osoz gai hau jardutea?
Ezina eta nahia. Boom bat izan zitekeen liburu bat idazteko ezintasunaren ondorioz sortutako bekaizkeria izan da salaketa. Ideia bikainak izatea ez baita nahikoa salmenten indizea progresiboki maila desorbitante batera iritsi arte igotzeko, El Codigo Da Vinci-k badauka beste zerbait. Eta agerian geratu da argumentu ona izan ala ez (ez naiz horretan sartuko), bukatu arte adizioa sortzen duen liburua dela. Galdetu bestela inoiz irakurtzen ez duten horiei nola irentsi duten. Edota mendebaldeko kulturarekin zer ikusirik ez duten txinatarren artean izandako arrakastagatik galdetu. Ulertezina… edo ez. Izan ere, Jesus moderno, progresista eta modan dauden beste zenbait baloreez agerraraztea berrikuntza izan da. Elizak gogor kritikatu duen berrikuntza, aberrante bezala hartuz.
Eta egia esan zer sinetsi jakin barik nabil… batzuk diotenez epaiketa publizitate kanpainaren barruan sartzen den argitaratzaileen estrategia baita. Marketing hutsa baino ez. Logikoa izan daitekeena, kontutan izanik liburuan oinarritutako filma maiatzean estreinatuko dela. Hala ere, argi dago arrakasta eta kritika saku berean datozen bi “meritu” direla. Bata bestea gabe ezinezkoak, ezta Dan? ezta, J.K. Rowling? (beste adibide nabarmen bat jartzearren)

2006/04/07

La persistencia de la memoria

¿No parece que el tiempo transcurre para todos por igual? ¿Pero que ese paso deja huellas diferentes en cada uno? ¿Y que al fin y al cabo el único signo de ese transcurso son los recuerdos? Esos que persisten en la memoria ajenos a todo acontecimiento, tan imperturbables a lo rudo. Esos que duran una eternidad y la delicadeza de los mismos los hace durar y perdurar... Por siempre jamás. Hasta que el corazón ahoga el sonido de su ultimo latido para no volver a sonar y dormir… Por siempre jamás.

Sabemos que la mente seleccionadora clasificara los recuerdos sin sibaritismos y nunca al azar. Como debe ser. Escogiendo lo trascendente por obligación e intercalando las superficialidades propias de la vida. Propias y necesarias. No sin agregar aquellos datos de los que podríamos prescindir. Pues la mente no trabaja a las ordenes de la propia voluntad. Así, nuestro inconsciente lucha por la permanencia de aquello que preferiríamos lejos, pues toda experiencia vivida será base para la creación del acto de ser. La mente repetirá esas imágenes que creíamos perder a lo largo del camino, como la lluvia que cae empapándolo todo y haciéndose notar. Así conseguirá ser relevante en nosotros, en nuestra personalidad. Convirtiendo nuestras vivencias en lo que somos. Inevitablemente. El pasado no morirá a cada segundo, se guardara minuciosamente y no habrá lagunas que incompleten lo transcurrido desde la primera bocanada de aire.

Y soñaremos con borrar aquello que nos atormenta, rogaremos que el olvido se lo lleve consigo como el viento arrastra las hojas en otoño. Con firmes empujones, para evitar el colapso que lo indeseado produce. Lo que ya nos sobra, lo que no queremos, lo que rechazamos. Las hojas secas que los árboles desprenden contrariamente a como quisiéramos que los recuerdos hirientes fueran eliminados. De un zarpazo, y no delicadamente.

Pero es la suma total la que nos hará cesar en la búsqueda, ya no precisaremos de conocimientos externos. Bastara con indagar en la soledad para entender que somos el todo. Y ya nada eclipsara nuestro orgullo, ya que la autosuficiencia humana se apiadara de nosotros y nos será suficiente para comprender que existiremos mientras no dejemos de pensar.

¿Podríamos ser más que almas en pena sin recordar lo que somos? ¿Y somos acaso más que recuerdos que persisten el la memoria?



Oroimenaren iraupena

Salvador DALI eta bere metodo paranoiko-kritikoa

2006/03/28

Ongi etorri denoi

Arrazistak al garen galdetzen digutenean ezetz erantzuten dugu aho batez eta gure inguruan “¿Le crees antes a ese puto negro que a mi?” bezalako esaldiak entzutera ohituta gaudenez ez gara ohartzen nahi ala ez errefusapena erakusten dugula gure arrazarekiko arrotzak direnekin. Ez gaude konturatzeke gauzatu den dibertsifikazio soziala onartzeko prest. Odolaren purutasunean sinesten dugula dirudi, garbizalekerian eta baserri izenak daramatzaten abizenetan.
Gorroto diogu gure bizimodua imitatu nahian miseriatik alde eginez datozen atzerritarrei. Oti izurritea. Desesperazioaz gaindituta lapurreta, estraperlo eta legez kanpoko ezein jardueratan dabiltzatenekiko amorru bizia. Beti bezala denak zaku berean sartzeko joera dugu eta ahaztu egiten zaigu generalizazioak Brasilgo haurrekin oheratzeagatik pederasta bihurtzen gaituela europarroi.
Beldurraren ondorio ulergaitzak. Betidanik atzerritarrak jaso dituen herria baikara. Lehenak industrializazioarekin batera lan bila etorri ziren Espainiaren sakontasunetik. Ezkerraldea erdalduntzeaz gain bestelako gerokorik izan ez zuen pasoa. Eta orain, kultura, tradizio eta bereziki gure hizkuntza galdu dezakegula pentsatzeak ikaratzen gaitu (marokoarrak, errumaniarrak eta ekuatortarrak ikaratzen gaituzte), nortasun gabeko izakiak bihurtzea litzateke eta. Leku barik, izenik barik.
Baina euskara gabeko bizitza ahalbidetu dugu, ez da derrigorrezkoa bere ikasketa hemen bizirauteko. Inbasioak esku har dezan utzi dugu eta gure bizimodua aldaraztea posibilitatu dugu. Xenozentristak gara eta gainera atzerritarrak gorroto ditugu. Paradoxaz beterik dago mundua.
Eta harrigarria da nola begiratzen diogun sinpatiaz “merke merke” dioen CD saltzaile senegaldarrari eta nola miresten dugu euskaltegian dagoen kolonbiarra.

2006/03/18

Ametsak beti amets

Bakarrik bidaiatzea gogoko dugu, trenez zein autobusez… norbere buruaren bakartasunak pentsatzeko momentu egoki bilakatzen du. Leihotik begira gaudela zuhaitzek eta paisaiek ihes egiten digute begi-bistatik, era berean aldentzen dira ametsak guregandik, ezinezkotzat bezala kondenatzen baititugu aurrera eraman nahian zailtasun txikiena aurkitzen diegunean. Gau batean etorri den bezala joaten diren ametsak daude, gogoratzeko errazak ez direnak, bitxiak eta subkontzienteak bere kasara ordenatzen dituen eszenekin eraikiak. Baina horiek ez dira gogokoenak. Txikitatik itzalak izango balira bezala jarraitzen digutenak merezi dute miresmena, pertsonak aldatu arren izaera eta pentsaera berrietara moldatzeko gai diren ametsak alegia, hauen ilusioak bere osotasunean gordetzen dituztenak.

2006/03/07

Hutsune deskribagaitzak

Beste zerbait idazten hasi eta patuak utzi ez,
nahi gabe ezabatu zen. Hori gertatu zitzaion. Lehen paragrafoak existitzeari utzi zion orduan, eta horrekin batera kontatzear zegoen istorioak ez zuen material fisikorik ezagutu, eta bere irudimenean edo oroitzapenetan gelditu zen, ahaztuta ez, baina ez konpartitzeak ematen duen iluntasun puntu misteriotsuaz. Eta ordenagailuaren pantailaren argi pobreak eskaintzen duen inspirazio ezaz konturatuta zertaz idatz zezakeen galdetu zion bere buruari.
Hutsune bat sortu zitzaion orduan,
zulo imajinario bat, noski. Nahi zuena kontatzeko nahia bete ezin zuelako, zerbaitek eragozten zuelako. Eta triste sentitu zen, bizipenak konpartitzerik ez badute zentsu ezberdina hartzen dutelako eta hutsune beltz hark bere bizitzaren zati handi bat betetzen zuelako. Konpartitzeak edo ez egia gordina aldatuko ez zuela zekien baina bere amorrua erdibitzeko modu egokia izango zela uste zuen. Beti usteetan oinarritzen baitzituen bere burutazio paranoiko guztiak.
Gogoeta sakonari ekin zion,
eta errealitatera jaitsi zenean orrialde zuriari begiratuz irribarre batek ihes egin zion. Gertatutakoak jada gertakari izan arren berak mundu paralelo bat eraiki zezakeen, hitzak atzamar puntatik askatu ondoren errealitate bilakatuko zirelako. Hori izango zen bere bizitza gidatuko zuena ordutik aurrera.
Eta tristezia mesprezatzea lortu zuen,
sentimendu ezkutuei buruz idazteko zeukan beharrizana desagerraraziz. Hutsunea disolbatu eta jarrera berriak izan zitzakeen onura garrantzitsuan jarri zuen itxaropena. Eta oheratu baino lehen edozer adierazteko gauza izan zitekeela ulertu zuen. Azkenik, lasaitasunez itxi zituen begiak, idatzi beharrekoa hurrengo egunean idatziko zuelako.

2006/02/28

Hiru00sei: ODISEA

Inauterietako ostiral gauak denboraren mugak gainditu zituen Gernikan. Urtero legez, herriko tabernen elkarteak mozorro gaia jarri zuen. Oraingoan gure burua irudimenaz astintzeko asmoaz baliatu dira eta etorkizun urrunera begira zer nolako janzkera edo bizimodua egongo den pentsatzeko aitzakia izan da.
Hollywoodeko superprodukzioak presente egon ziren eta film futuristetan oinarritutako mozorroak nonahi ageri ziren. Koloreen eztanda bizi dugu gaur egun, baina mila urte barru gizartea zilar kolorezkoa izango dela uste dugu. Baliteke metalizatuak gugan sortzen duen harridura adierazteko modua izatea, edota garapenaren distira absolutuarenganako miresmena. Baina etorkizunaren aurrean daukagun ezjakintasunak robotikaren perfekzioa eskuratuko dugula pentsatzera garamatza. Teknologiaren eztandak erosotasuna eta diseinua konbinatuko dituela pentsatzera garamatza. Zientziaren garapenak salbatu egingo gaituela pentsatzera garamatza. Eta egia bakarra da ez dakigula denborak nora eramango gaituen, konproba ezina baita, baina jakina da gure hurrengoentzat utziko dugun planeta ez dela orain daukaguna bezain “ederra” izango, giza handinahiaren aztarnak munduko lurrazal osoa estaliko baitu. Supergizakia beti egon da naturaren legeen gainetik. Orain, ordea, gure axolagabekeria faktura pasatzen ari da.
Hala ere, inkognita bat gelditzen da gainditzeke guzti honetan, zer esan handia izan lezakeena: Gizakia al da unibertsoaren partehartzailerik aktiboena ala bizitza estralurtarrik ezagutuko dugu gure itaunak erantzuten lagunduko diguna? Gernikarrok horretaz ziur gaudela dirudi, antenadun mozorroak izan ziren ugarienak eta.

2006/02/20

Musua - C. Brancusi

Ustekabez beteriko bizitza honek ia ez du betarik ematen gertatzen zaigun gauza guztiei buruz sakonki pentsatzeko. Hori izaten da harremanen azken musu eta besarkada ahaztearen arrazoia. Ia espero gabe, supituki datorren bukaerak ez digu uzten azken sentimenduak adierazteko keinu maitakorra une berezia balitz bezala gogoratzen. Honela, azken musua ez da azkena, protagonistek gehienetan azkena izango dela ez baitakite eta edonolako musu arrunt bilakatzen dute. Beraz, harreman baten amaierak sorrarazitako sentimenduen nahasketak uzten dituen maitasun hondarrak keinu batez adierazteko nahiaren azken aukera ukatzea da existitzen ez den azken musu hori…
Ikusten denez, gauza batzuk, sentimenduen antzera, deskribatzeko zailak dira eta horietan pentsatzea alferrikakoa da. Gertatutakoak datozen moduan hartu behar dira, erne ibiliz… baina beti unez une biziz.

2006/02/17

2,40 € berriz ere


Atzo, herriko estanko batean, dendariaren haserrea irakurri nuen bere begietan tabakoaren prezioa berriz igo al den galdetu nionean. Laster damutu nintzen. Emakumeak grinez puztutako diskurtsoaren tartean arnasa hartzeko denbora hartu zuen eta horretaz baliatu nintzen dendatik alde egiteko agur esan ondoren. Ez dut tabakoaren apologiarik behar, jada erretzailea naiz. Era berean, ez dut tabakoaren kontrako sermoirik behar, jada kontzientziatuta bainago.
Estereotipoak guztiz aldatu dira urte gutxitan. Orain dela ez asko, erretzea gizonezkoen kontua zen eta gizartearen garapenak horren aldaketa ekarri zuen. Lege berriak, ordea, erretzaileen perfil berria eratu duela dirudi: arrazoi zentzugabean oinarritzen den delinkuentearena.
Inoiz erre ez duenak ez du ulertuko adizio ergel honen funtsa. Eta hari deskribatzea denbora galtzea litzateke, beharrizan deskribaezina baita. Etengabe ahotik kea darion herensugea izateko behar ilogikoa, birikiak aire toxikoz betez eta horren hondakinak kanporatuz. Eta halako lasaitasun psikologikoa eskaintzen du tabakoak non dependentziarenganako maitemintzea sortzen du. Hori izaten da erretzeari utzi nahi ez izatearen arrazoia.
Baina gurekin amaituko dute, debeku gero eta gogorragoak ezarriz. Pentsaezina baita dagoeneko iragarki baten slogana "Me gusta conducir" izan beharrean "Me gusta fumar" izatea.

2006/02/16

Beldurraren lurrina

Azaroak 28,

Egunerokotasunak ez du nire bizitzaren amaiera baino hurbiltzen. Presa gabe, baina geldiezin, balazta gabeko tren baten legez. Eta paradoxikoki, agonia hau da niri zorion apurraren erantzule, laster, existitzeari utziko baitiot. Mundu hau mespretxatu eta kalte-ordain bezala nire gorputz ubeldua utziko dut. Baina hori baino ez, nire arimak askatasuna arnastuko duelako lehen aldiz hogeita hamahiru urtetan, hemendik urrun, harengandik urrun.

Gaur ere, beti bezala, jipoitu egin nau. Usadio bihurtu da azkenaldian. Etxe honetan beste edozeinetan hortzak garbitzea bezain arrunta da nire arrantzak entzutea. Gaurkoan, lanetik berandu heldu da beheko tabernan gelditu delako. Afaria hoztu zaio eta nirekin akabatu nahi zuela zirudien. Azkenean ez da hainbesterako izan, ukabilkada mordoa jaso arren aurpegian. Gutxienez ez dit ostikorik eman sabelean eta esperantza txikiak oraindik bertan dirauela dakit.

Egitekoarekin bukatu ondoren berriz jaitsi da tabernara. Nik momentu hori aprobetxatzen dut idazteko. Aurpegia handituta daukadala eta saminak pentsamenduak iluntzen dizkidala, gorrotoak bidea eraikitzen du burmuinetik folio zurirarte. Zarata bat entzuten ari naiz… atea da. Badatorrela uste dut, eta oso mozkortuta gainera, niri izena oihukatzen ari da, nire bila ari da, geroz eta hurbilago dago, nire atzean soma dezañdjbgrntyujhorfjknmtkgophkm