2007/03/28

B*C*N

Denbora asko ezer idatzi gabe, larregi agian. Beste gauza batzuk darabilzkit buruan...





+







Taxi eta autobusek ziztu bizian zeharkatzen dituzte hiriko kaleak, semaforoak nonahi. Etorkizuna nonahi. Nire zain.

2007/2008

2007/02/07

Aurkitu zaitut

Blogean aurkitu zaitut, gozo gozo, idatzitako edozer onartzeko prest. Askatasun, edozein blogetan zagoz! Masa hedabideek onartzen ez zaituzten arren, beso zabalik hartu zaituzte hemen, ez zaude sofistikazio ukituko hitz lirainak erabiltzera behartuta. Gauza bakoitza izendu dezakezu, irainak erabil ditzakezu arrunkerian erori gabe! Dagokion hitzez eratutako deskripabenen bidez egiaz hurbilago zaude. Mugarik ez duzu hemen askatasun, beraz, gelditu zaitez hemen, eta ez galdu inongo epaileren atzaparretan.

Edozein hedabidetan galarazitakoa adierazi dezaket; Bush jauna putaseme. Eta ez da ezer gertatuko, zentsura gabeko gunea delako. Hedabide publiko batean, ordea, ezinezkoa litzateke honako adierazpena. Zibismoa oso hedatuta dago kazetaritza idatzian, horregatik harrigarria egiten zait zenbait ikerketek hiritarren artean gutxien baloratutako lanbide bezala agerraraztea. Hartzaileak manipulazioaz jabetu ondorengo dedukzioa dirudi, baina manipulazioak esku har dezan utzi eta gainera kritikarako gai dira. Inkestatuek nahiago dituzte poliziak kazetariak baino. Bitxia benetan.

2007/02/05

Non zagoz askatasun?

Estatuko komunikabideek ezkutatzen dutena Britania Handiko egunkariek salatzen dute. XXI. mendean gaude eta iritzi-adierazpen askatasuna oraindik ukatutzen zaigu, noiz arte? Irudiak ez du hitzik behar.


2007/01/19

Historia berreskuratuz

Gernikazarra Gernikako oroimen historikoa berreraikitzeko asmoagaz sortu zan elkartea da. 1937ko bonbardaketagaz batera udaletxeak su hartu eta ez da Gernikari buruzko dokumentu ofizialik existitzen. Elkarteko kide batek, Pasealekuko historiari buruzko informazio eta antzinako argazkiak erraztu deuskuz, bere jatorria eta garrantzia ulertzen laguntzen deuskuna:


Jatorriz, Erdi Aroa baino lehenago, Gernikako itsasadarra Juan Kaltzada kalerarte heltzen zanean, herriaren ingurune guzti hori lurraz betetzen hasi ziren paduretararte heltzeko. Lur hori Pasealekutik atara zan, Kosnoaga mendi-hegala zana. Hortik dator ilogikoa emoten daben ebakidura erradikala, izan ere mendiaren jaitsiera beti izaten da leuna. Gernikako udalaren eta Lumoko elizateren jabetzapekoa zan Pasealekuan sortutako zuloa, eta Gezur Aretz izenpean ezagutzen zan. 1854an Lumoko elizateak frontoia eraiki zuen harri-horma sendo bategaz eta bertan batzen zan herriko jendea eskupelota partiduak ikusteko asmoz. Gernika ezaguna izan zan eskupelota eta frontoia dala eta, bertan sortu zan Gernikako eskupelota eskola eta Euskal Herri osoan famatua izan zan. 1882an Gernika eta Lumoren bateratzea eman zan eta Pasealekuan ospatu zan, Paseo de la Union izena emon jakon. Hurrengo urtean eskuma aldeko eskolen eraikuntzari ekin eben, mutikoena izan zana. 1886an Luis Landetxo arkitektoak, Kaltzada Egoitza egitea agindu zuena eta Gernika-Zornotza bitarteko trenbidearen sustatzailea izan zenak, lorategi botanikoa egin zuen.1827an beste aldea eraiki zan, neskatoena izan zan eraikina, orduan frontoia estali eta gerraostean desagertu egin zen Pasealekuko balkoia egin ostean. 1932an bandarentzako musika kioskoa ipini eben. Edonolako ekitaldi sozial eta kulturalak ospatzen ziran Pasealekuan garai hartan. Geroztik, estruktura berbera mantendu dau 1990an kioskoa kendu, gora igoteko eskailerak eta hirugarren adinekoantzako egoitza egin eben arte.

2007/01/08

Ikerketa kualitatibo baten emaitza

Azken hilabetean nahaspila sortu da herrian zenbait kolektiboren aldetik. Balore historiko ukaezina duen plaza antzekoa dago Gernikan. Bertan, 1927an eraikitako eskola publikoak daude eta hauek eskaintzen dituzten arkupeak aterpe modura erabili izan dituzte gernikar guztiok egun euritsuetan. Gerra garaian, konkretuki Gernikako bonbardaketa gauzatu zenean, babesleku funtzio hartu zuten aipatutako arkuek.

Pasealekuko ezker arkupeak

Gaur egun eraikinak ia bere horretan dirau, gerra gainditzea lortu zuen, baina urteen poderioz pasealekuak bere forma aldatu egin du. Duela zenbait urte, erdian kokatutako musika kioskoa kendu zuten eta arkuen zati handi bat kendu egin zen hirugarren adinekoei taberna eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko asmoz. Helburuetako bat pasealekua haur, gazte, heldu eta adinekoen topagune bihurtzea izan zen. Eta lortu zelakoan nago. Urte askotan zehar kolektibo hauek inongo arazo gabe konpondu dira espazio publiko bat partekatuz. Herriaren erdian kokatutako plazak bizitasun berezi bat izan du hori dela eta.

Baina pasadan urtean eskuma aldeko arkupeak ixteari ekin zioten zenbait langilek udalaren aginduz. Ia-ia isilpean eramandako proiektua izan da. Umeentzako jolas parke bat zabaltzeko asmoz leku publiko bat itxi eta itxuraldatu dute herritarren iritzirik kontutan izan gabe. Proiektua bukatzear dagoela, udalaren esku argitaratzen den aldizkari baten bidez jakin da beharrezkotzat jotzen duela horrelako haurtzaindegi bat, gurasoak enbarazu gabe gestioak, erosketa edo denbora libreaz gozatzeko. Lerro artean irakurri behar den arren, haurtzaindegi pribatua dela ulertzen da, lehiaketa baten bidez ekintza zerbitzuak bitartekoei emango zaizkielako. Beraz, herriaren toki publiko bat hartuz pribatizatu eta guztien onerako izango denaren aitzakia erabiliz bere burua zuritu dute.

Arratsaldetan pasealekuan biltzen diren gurasoak obra guztien lekuko mutuak izan dira. Baina eztanda, duela hilabete ezker aldeko arkupeak ixten hasi zirenean gauzatu zen. Herriko Elai Alai dantzari taldearentzat entsegu lokal berri bat eraikitzeko aitzakiarekin bigarren obra bat hasi zen, pasealekua arkupe barik ixteaz gain frontoia desagerraraziz. Izan ere, ordu arte dantza taldeak hirugarren adinekoekin (yoga eta aerobik egiteko) partekatzen zuten lokalean ordutegi arazoak eman ziren eta azken hauen kexa baten ondorioz udalak denon onerako erabaki bat hartzeko asmoz beharrizanik ez dagoen lokal berri baten eraikitzeari ekin zion.


Ezker arkupeko obrak


Bigarren obra honek, ordea, bestelako eraginak gauzatu ditu. Zenbait kolektibok (pasealekuan biltzen diren haurren gurasoak, gazteria, dantza taldea) garaiz erreakzionatu eta kalejira errebindikatiboa ospatu zen, udaletxearen aurrean kazerolada zalapartatsu batekin bukatzeko. Herriaren ezadostasuna ikusirik udalak lokal berriaren obrak bertan behera utzi zituen eta dantza taldearekin lehen aldiz harremanetan jarri zen. Hitzarmen baten bidez dantza taldea estutu nahi izan zuen, baiezkoa emanez obren jarraipena aginduz eta ezezkoa emanez gero ziurgabetasunera kondenatuz dantza taldeak dituen 100 ume baino gehiagoren entsegu ordu eta tokia.

Udaletxearen aurrean


Behaketak ondorio batzuk dakartza. Batetik, udal hauteskundeak hurbil daudela ikusirik udalak jarraitzen duen politika ulertzera naramate. Hirugarren adinekoen botoak erosten dituzte kontzesio zentzugabeak eskainiz. Bestetik, herria bi multzotan banatzen dela ulertzera naramate, izan ere batzuk bertsio ofiziala murtxikatzeaz konformatzen dira eta udalaren boletin ofizialak dioenarekin pozik bizi dira. Besteak, aldiz, haratago ikusteko gai dira eta bere erraietan bizi dute gauzak aldatzeko ezintasunak dakarren amorrua.

Ezker arkupeko obrak


Eta zer da hori baino hobeago, Gernikako patrimonio urbanistikoa nola apurtzen duten ikusi axolagabetasunean murgilduta ezer egin gabe? Egun euritsuetan larunbat arratsean pasealekuan egiten diren dantzaldiak gogoratu beharko lituzke batek baino gehiagok… arkupeak egon ez balira… akabo ametsetako neskarekin dantzatzeko aukera. Lastima gazteok bizi ez ditugun garaiak izatea horiek. Estorsioa gai-zerrendaren parte da orain.