2006/09/07

Lekeitioko antzarrak

Euskal Herriko toki guztietan mantentzen dira ohitura zaharrak, horietako askok bere horretan jarraitzen dute, sortu ziren une bereko ezaugarri berberei eusten, inolako aldaketa gabe. Izan ere, oso zaila da ohitura bat aldatzea, belaunaldiz belaunaldi pasatu dira eta gauzak egiteko usadiozko era arruntak dira.

Herri bakoitzak bere tradizioak izan ditu jaiegunak ospatzeko orduan. Horietako bat XVII. mendetik ezagutzen diren Lekeitioko antzarrak dira. Bizirik dauden antzarrak lepotik helduz ahalik eta sail gehienak egitea da helburua. Animalien babes aldeko mugimenduak hazi egin direlarik eta jendeak gero eta kontzientziazio gehiagoz jarduten duela ikusirik jai polemikoak bilakatu dira.

Basakeriatzat hartzen den tradizioa dela ikusirik neurriak hartu nahi izan dira. Horregatik, tradizioa bertan bera utzi gabe bestelako aukerak izan dira gogoan. Aurten, plastikozko antzarrak jarri nahi izan dira (arrazoia hegaztien gripea izan daiteke eta ez animalien sufrimendua ekiditea), baina azkenik jaia hasi baino bi ordu lehenago antzarrak hil dituzte eta hilik zeudela hasiera eman zaio jaiari. Etika puntu bat arte kontutan izanik jardun dute, baina nahikoa al da? Tradizio bat mantendu nahi izatea behar besteko aitzakia al da hilketa ankerrak gauzatzeko? Zezenketa gaitzesten dugun era berean gaitzetsi beharko genituzke antzarrak?

Ohitura honek oinarri emozionala du herrikoentzako, sentimenak arrazoiz haraindi doazela askotan konprobatu ahal izan dugu. Dena den, denborak aldatuz doaz, zientziak giza adimena garatu du eta garapen horri fidela izanez krudeltasunik gabeko bizimoduan sinesten dugula defendatu beharko genuke. Eta defentsa horri eusteko tradizioa hein batean aldatzea beharrezkoa bada, aldatu egiten da. Bestela, oraindik ere eskuekin jango genuke, gure antzinako arbasoen tradizioak jarraitu nahian.

Lekeitio eta ingurukoen zenbait iritzi honako foroan aurki daitezke.

1 comentario:

Ugutz Falzes dijo...

Berdina esan daiteke Alardeaz...

Ondo dago tradizioak mantentzea, gure sustraiak kontutan izatea, baina ze puntutaraino?