2006/03/07

Hutsune deskribagaitzak

Beste zerbait idazten hasi eta patuak utzi ez,
nahi gabe ezabatu zen. Hori gertatu zitzaion. Lehen paragrafoak existitzeari utzi zion orduan, eta horrekin batera kontatzear zegoen istorioak ez zuen material fisikorik ezagutu, eta bere irudimenean edo oroitzapenetan gelditu zen, ahaztuta ez, baina ez konpartitzeak ematen duen iluntasun puntu misteriotsuaz. Eta ordenagailuaren pantailaren argi pobreak eskaintzen duen inspirazio ezaz konturatuta zertaz idatz zezakeen galdetu zion bere buruari.
Hutsune bat sortu zitzaion orduan,
zulo imajinario bat, noski. Nahi zuena kontatzeko nahia bete ezin zuelako, zerbaitek eragozten zuelako. Eta triste sentitu zen, bizipenak konpartitzerik ez badute zentsu ezberdina hartzen dutelako eta hutsune beltz hark bere bizitzaren zati handi bat betetzen zuelako. Konpartitzeak edo ez egia gordina aldatuko ez zuela zekien baina bere amorrua erdibitzeko modu egokia izango zela uste zuen. Beti usteetan oinarritzen baitzituen bere burutazio paranoiko guztiak.
Gogoeta sakonari ekin zion,
eta errealitatera jaitsi zenean orrialde zuriari begiratuz irribarre batek ihes egin zion. Gertatutakoak jada gertakari izan arren berak mundu paralelo bat eraiki zezakeen, hitzak atzamar puntatik askatu ondoren errealitate bilakatuko zirelako. Hori izango zen bere bizitza gidatuko zuena ordutik aurrera.
Eta tristezia mesprezatzea lortu zuen,
sentimendu ezkutuei buruz idazteko zeukan beharrizana desagerraraziz. Hutsunea disolbatu eta jarrera berriak izan zitzakeen onura garrantzitsuan jarri zuen itxaropena. Eta oheratu baino lehen edozer adierazteko gauza izan zitekeela ulertu zuen. Azkenik, lasaitasunez itxi zituen begiak, idatzi beharrekoa hurrengo egunean idatziko zuelako.

1 comentario:

Ugutz Falzes dijo...

Autobiografikoa? ...edo agian ez.
Nik baietz esango nuke. ;-)