2006/11/01

Urriko azken astelehena




Aurtengo ahaleginekin, hein txiki batean bada ere, badirudi Urriko azken astelehenak berreskuratu duela ezaugarritzat zuen hori. Baserritarrez jantzitako jendea ugaritu egin da kalean, jaiaren senak bizirauten duenaren erakusgarri modura. Baina espontaneoa izatetik urrun, gernikarron artean zabaldutako e-mail baten emaitza da. Honako hau dio:

Danok dakizuelez, datorren astelehenien urriko azkenengo astelehena izengo da; betidanik baserritxar egune izen dana. Hainbeste urtetan gernikarrok ospatu izen dogun jaixe da, baia azken urtietan inoiz baino gehixau hasikera bateko zentzue galtzen dabil. Lehen baserritar guztixek Gerniken batu eta euren produktuek elkartrukatzeko egune izeten zan. Geur egun, apostu eingo neke, klasetik urten eta Gernikera juergan datozen erdixek ez dakizela ze jaitara datozen bez. Horregaitzik, lagun talde batek, Gernikeko Gazte Asanbladien oniritzixegaz, proposatzen dogu Urriko azken astelehenien baserritar janztie.

Izan ere, jaia asko aldatu da urte gutxitan. Lehen jendea goizean zehar bakarrik etortzen zen eta gehienak baserritarrak izaten ziren, masifikazioa egungoa da. Astelehen guztietan egiten den plaza berbera egiten zen, berezitasun handiegirik gabe. Orain, postuak egoten dira eta Euskal Herri osotik datorkigu jendea produktuak saltzera, ondoren sari banaketa egiten da eta gaztai hoberena enkantean jartzen da. Bertsolariak ere izaten ditugu giroa animatzeko.

Txosnak ugaritu dira eta lehen ez bezala taloa txorixoagaz jateko ohitura dago. Pasealekuan zegoen kioskoan erromeria egoten zela diote herriko agureek. Orain ez daukagu kioskorik baina bai gaztetxea eta aurton bertan egin da erromeria. Ikusten denez, garaiak aldatzen doaz etengabe baina badago Urriko azken astelehena mantentzeko gogo eta ilusioa.

Arazoa zera da ordea; urte batzuk barru, nekazaritza bere horretan ezagutzen dugun bezala existitzen ez denean, zentsurik izango al du jaiak? Inork ezagutzen al du baserrian testigua hartuko duen 20 urteko gazterik? Gaurko gazteek arrazoiagaz ez dute baserriarekin zerikusirik izan nahi, laguntza gehiagorik ezean galduta baitago. Orduan, zer gertatuko da Urriko azken astelehenarekin? Ahanzturan geldituko ahal da jaiaren xedea alkohol boteila hutsek herria apaintzen duten bitartean?

2 comentarios:

Ugutz Falzes dijo...

Ez zintudan baserritar jantzita ikusi ba...

ea datorren urtean (hemen bagaude behintzat)







PD: Ezetz espero dut ;-)

Anónimo dijo...

Badago bai 20-30 urtetako jendea baserriaren inguruan zerbait egin nahi duena, baina ea nork uzten duen bere bizitza erosoa eta horren etorkizun larria duen nonbait sartu. Ez da errexa, inork ez baitzaitu hortara animatuko.
Baina beno, horrela dabiltzanei, muxu handi bat eta animo!! Espero det zuen lanek, gure bilobek behi bat zer den jakin dezaten balio izatea!!!!!