2007/01/08

Ikerketa kualitatibo baten emaitza

Azken hilabetean nahaspila sortu da herrian zenbait kolektiboren aldetik. Balore historiko ukaezina duen plaza antzekoa dago Gernikan. Bertan, 1927an eraikitako eskola publikoak daude eta hauek eskaintzen dituzten arkupeak aterpe modura erabili izan dituzte gernikar guztiok egun euritsuetan. Gerra garaian, konkretuki Gernikako bonbardaketa gauzatu zenean, babesleku funtzio hartu zuten aipatutako arkuek.

Pasealekuko ezker arkupeak

Gaur egun eraikinak ia bere horretan dirau, gerra gainditzea lortu zuen, baina urteen poderioz pasealekuak bere forma aldatu egin du. Duela zenbait urte, erdian kokatutako musika kioskoa kendu zuten eta arkuen zati handi bat kendu egin zen hirugarren adinekoei taberna eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko asmoz. Helburuetako bat pasealekua haur, gazte, heldu eta adinekoen topagune bihurtzea izan zen. Eta lortu zelakoan nago. Urte askotan zehar kolektibo hauek inongo arazo gabe konpondu dira espazio publiko bat partekatuz. Herriaren erdian kokatutako plazak bizitasun berezi bat izan du hori dela eta.

Baina pasadan urtean eskuma aldeko arkupeak ixteari ekin zioten zenbait langilek udalaren aginduz. Ia-ia isilpean eramandako proiektua izan da. Umeentzako jolas parke bat zabaltzeko asmoz leku publiko bat itxi eta itxuraldatu dute herritarren iritzirik kontutan izan gabe. Proiektua bukatzear dagoela, udalaren esku argitaratzen den aldizkari baten bidez jakin da beharrezkotzat jotzen duela horrelako haurtzaindegi bat, gurasoak enbarazu gabe gestioak, erosketa edo denbora libreaz gozatzeko. Lerro artean irakurri behar den arren, haurtzaindegi pribatua dela ulertzen da, lehiaketa baten bidez ekintza zerbitzuak bitartekoei emango zaizkielako. Beraz, herriaren toki publiko bat hartuz pribatizatu eta guztien onerako izango denaren aitzakia erabiliz bere burua zuritu dute.

Arratsaldetan pasealekuan biltzen diren gurasoak obra guztien lekuko mutuak izan dira. Baina eztanda, duela hilabete ezker aldeko arkupeak ixten hasi zirenean gauzatu zen. Herriko Elai Alai dantzari taldearentzat entsegu lokal berri bat eraikitzeko aitzakiarekin bigarren obra bat hasi zen, pasealekua arkupe barik ixteaz gain frontoia desagerraraziz. Izan ere, ordu arte dantza taldeak hirugarren adinekoekin (yoga eta aerobik egiteko) partekatzen zuten lokalean ordutegi arazoak eman ziren eta azken hauen kexa baten ondorioz udalak denon onerako erabaki bat hartzeko asmoz beharrizanik ez dagoen lokal berri baten eraikitzeari ekin zion.


Ezker arkupeko obrak


Bigarren obra honek, ordea, bestelako eraginak gauzatu ditu. Zenbait kolektibok (pasealekuan biltzen diren haurren gurasoak, gazteria, dantza taldea) garaiz erreakzionatu eta kalejira errebindikatiboa ospatu zen, udaletxearen aurrean kazerolada zalapartatsu batekin bukatzeko. Herriaren ezadostasuna ikusirik udalak lokal berriaren obrak bertan behera utzi zituen eta dantza taldearekin lehen aldiz harremanetan jarri zen. Hitzarmen baten bidez dantza taldea estutu nahi izan zuen, baiezkoa emanez obren jarraipena aginduz eta ezezkoa emanez gero ziurgabetasunera kondenatuz dantza taldeak dituen 100 ume baino gehiagoren entsegu ordu eta tokia.

Udaletxearen aurrean


Behaketak ondorio batzuk dakartza. Batetik, udal hauteskundeak hurbil daudela ikusirik udalak jarraitzen duen politika ulertzera naramate. Hirugarren adinekoen botoak erosten dituzte kontzesio zentzugabeak eskainiz. Bestetik, herria bi multzotan banatzen dela ulertzera naramate, izan ere batzuk bertsio ofiziala murtxikatzeaz konformatzen dira eta udalaren boletin ofizialak dioenarekin pozik bizi dira. Besteak, aldiz, haratago ikusteko gai dira eta bere erraietan bizi dute gauzak aldatzeko ezintasunak dakarren amorrua.

Ezker arkupeko obrak


Eta zer da hori baino hobeago, Gernikako patrimonio urbanistikoa nola apurtzen duten ikusi axolagabetasunean murgilduta ezer egin gabe? Egun euritsuetan larunbat arratsean pasealekuan egiten diren dantzaldiak gogoratu beharko lituzke batek baino gehiagok… arkupeak egon ez balira… akabo ametsetako neskarekin dantzatzeko aukera. Lastima gazteok bizi ez ditugun garaiak izatea horiek. Estorsioa gai-zerrendaren parte da orain.

1 comentario:

bat,bi... dijo...

Blogari, idazle eta irakurzaleen komunitateari: Uda honetan Astran irakurketa tailerra egongo da. Oraindik datak zehaztu barik dauden arren...ea Gernikako gazteok literaturaren inguruan zerbait ganorazkoa egiteko gai garen...etorria eta jendea badago!